GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Estibalitz EZKERRA, Literatur kritikaria

Mr Darcy eta telebista

 

Munduan Jane Austenen jarraitzaile ugari daudela gauza jakina da. Haren nobelak hamaika aldiz izan dira pantaila handira egokituak, eta telebistan ere (BBCren eskutik kasurik gehienetan) arrakasta izan dute. «Jane Austen fever» (Jane Austen sukarra) izenez ezagutzen den mugimenduaren azkena «Pride and Prejudice» nobelako Mr Darcy pertsonaiaren eskultura erraldoia Londres erdian, Hyde Park-en dagoen Serpentine lau artifizialean kokatzea izan da, aipatu lanean oinarrituriko telesailean (bai, telesailean) agertzen den eszena bati jarraituz. Eszena horretan, Mr Darcy laku batetik ateratzen da, Elizabeth Bennettekin elkartzera doan batean. Eskulturak telesailean Mr Darcy antzeztu zuen aktorearen (Colin Firth) antza du. Hurrengo hilabeteetan, eskultura beste kokaleku batzuetara eramango dute, telebistak Britainia Handiaren kulturan eta historian bete duen rola omendu nahian.

Ekimenaren bultzatzaileek inkesta bat egin zuten bi mila ikusleren artean, telebistako unerik gogoangarriena zein izan den erabaki nahian. Inkestatuetatik gehienek Mr Darcy protagonista duen eszena aipatu zuten, eta hortik eskultura. Kontu honetatik arreta gehien pizten didana ez da Jane Austenen nobela bateko pasarte bat aukeratua suertatu izana, ezta pasarte horretako protagonista Mr Darcy izatea (egileak sorturiko galairik entzutetsuena). Ez, arreta piztu didana zera da, pasartea telesail bati esker gogoratua izatea. Pasarte hori, bide batez esanda, ez da nobelan bertan agertzen. Aitzitik, «Pride and Prejudice» telebistara egokitua izan zenean zuzendariak jatorrizko testuari egindako «zuzenketen» emaitza da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo