GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Nazioarteko erako Gipuzkoako finala

Joxe Gabirondo tartean ez dela aukerak gehitzen dira

Gazteluarra izan da Euskal Herriko Ligako onena, baina ez da Gipuzkoako Txapelketan arituko.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Nazioarteko erako edo abiadurako Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da bihar Zizurkilen, 18.00etan. Bertan sailak azkar moztu beharko dira, baina ez azkar bakarrik, txukun ere bai.

Emakumezkoetan, lau izango dira lehian arituko diren segalariak, eta 50 metro karratuko bi sail izango dituzte ebakitzeko. Alaitz Imaz, Alatzne Etxaburua, Ainhoa Galarraga eta Ainara Otamendi izango dira lanean arituko diren segalariak.

Erreferentzia moduan, Euskal Herriko Liga hartu beharko da kontuan. Horretan Alaitz Imaz izan zen onena, jokatutako hiru jardunaldietatik bi irabazita. Alatzne Etxaburua izango da beste faboritoa, nahiz eta aurtengo Euskal Herriko Ligan gauzak ez zaizkion ongi atera.

Mutiletan, berriz, 18 izango dira; honako hauek: Alkorta, Argaia, Arsuaga, Dorronsoro, Egia, Etxeberria, Gabirondo II.a, Garaialde, Jokin Garmendia, Joakin Garmendia, Goenaga, Iraola, Lizaso, Mitxelena, Ormaetxea, Pardo eta Urkola. Esnaola ere parte hartzekotan da, baina orkatilan arazoak ditu, eta ikusiko da azkenean jokatzeko moduan dagoen ala ez. Bakoitzak 100 metro karratuko saila moztu beharko du.

Hemen ere erreferentzia gisa Euskal Herriko Liga dago, eta hori Gabirondok irabazi zuen, baina gazteluarra ez da lehian izango. Beste faboritoa Esnaola izango da, baina bera ere seguru asko ez da arituko, eta horrek ateak zabaltzen dizkie gainerakoei. Lizaso izan daiteke faborito nagusietako bat, baina Mitxelena edo Goenaga ere aintzat hartu behar dira. Aurrekariak ikusita, txapela horien artean egon daitekeela ematen du.

Euskal Ligan aurrean ibilitako beste batzuk ere faltako dira, Altzo eta Agirrezabala esaterako. Han parte hartu ez duten beste mordo bat, ordea, izango da, tartean iraupen proban edo betiko eran aritu diren Ormaetxea, Pardo eta Alkorta, orain arte ez baitira abiadurakoan jardun.

Emozioa

Igor Esnaolaren parte hartzea ere zalantzan dago, orkatilan arazoak dituela-eta. Lizaso, Goenaga eta Mitxelena ageri dira hiru faboritoen artean.

Neskak

Nesketan lau izango dira parte hartuko dutenak, eta Alaitz Imaz, Euskal Herriko Ligako irabazlea, izango da faboritoa, iaz txapela lortu zuen Etxaburuarekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo