harri-jasotzea
Hiru kirolariren artean erabaki beharko da Iruñean Nafarroako txapela
J.L.
12.00etan hasiko da Iruñeko Foruen plazan Nafarroako Harri-jasotze Txapelketa. Unai Bertiz, Xabier Ariztegi eta Xabier Igoa neurtuko dira. 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabiliko dituzte, eta bakoitzarekin bi minutu izango dituzte lanerako.
Nesken Txinga Txapelketa ere jokatuko da. Sousa, Astiazaran, Ontsalo, Diaz eta Ariztegi jardungo dira. Bakoitzak 25 kiloko txingak erabiliko ditu esku bakoitzean. Atzo, mutilen txingako finala jokatu zen. Callagahnek irabazi zuen 9 plaza eginda. Lasto-altxatzen, berriz, Telletxeak irabazi zuen, 13 jasoaldirekin.
Bihar, Alegian, Txintxarri sariketa jokatuko dute. Aurten, gainera, harri-jasotzaileak eta aizkolariak arituko dira. Talde batean Irigoien, Telleria IV.a eta Otaegi arituko dira, eta bestean, Izeta II.a, Lopetegi eta Otaño. Harri-jasotzaile bakoitzak 100 kiloko kubikoa, kopa, zilindro zaharra eta bola erabili beharko ditu. Aizkolariek, berriz, tamaina ezberdineko zortzi enbor ebaki beharko dituzte. Ekitaldia Larraitz plazan izango da, 18.30ean hasita.
Ordu berean hasita, Soraluzeko San Andres auzoan bertako sariketa jokatuko da. Aranburu, Izeta III.a eta Urruzuno lehiatuko dira. Josetxo Urrutia ere neurtzekoa zen, baina gaur Nafarroako Txapelketan ere ez da arituko, eta bihar ere ez, min hartuta baitago.
Kirolari bakoitzak, 100 kiloko zilindro zaharra erabili beharko du, eta lanean aritzeko bost minutuko txanda bakar bat izango du. Aranburu izango da lehiaketako berrikuntza.