sokatira
Goiherri A taldeak eskuratuko du 600 kilokoan ere garaipena
J.L.
600 kiloko txapelketako azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur Erandioko San Kristobal auzoan, 17.30ean hasita. Goiherri taldeak orain arteko saio guztiak irabazi ditu, eta txapela bideratuta dauka. Hala, gaurko saioaren amaieran hirugarren txapela jantziko du.
Borroka handiagoa izango da bigarren posturako, nahiz eta oraingoz postu hori lortzeko aukera handienak Gaztedi taldeak dituen. Getxok, berriz, ezingo du azken postutik ihes egin.
Gipuzkoako taldekako Giza-proba Txapelketan, 18.00etan jokatuko da A multzoko itzulerako saioa Mendaron. Orio, Berrobi, Deba eta Mendaro neurtuko dira. Bi jardunaldietako emaitzak batuta, bi onenak sartuko dira finalean. Orio eta Deba izan ziren lehen jardunaldiko bi onenak. Oriok lortu zuen garaipena, erraz nagusituta. Debak, bigarren postuan sailkatu zenak, berriz, tarte txikia atera zion Berrobiri.
Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar, Barakaldon, 19.00etan. Lehen jardunaldiko talde berberak arituko dira; honako hauek izango dira: Burdin Gazteak, Errekatxo, Kabiezes, Las karreras A, Las karreras B eta Trapagaran.