UDATE
Gaur lehertuko da jaia Santutxun, Tas-Tas irratiko kideek pregoia irakurrita
Jonebati ZABALA | BILBO
Goizean goiz hasiko dira txistulari eta trikitilariak Santutxuko kaleak girotzen, jaien lehen egunari ekiteko. Gastronomia lehiaketetako parte hartzaileek ere goiz jaiki beharko dute. Marmitako Txapelketak 9. edizioa izango du aurten; Bakailao Txapelketak, berriz, 55.a. Bazkalostean, Juan de la Cosatik abiatuko da Sangutxuk gidatuko duen kalejira. Basarraten, Tas-Tas irrati libreko esatariek irakurriko dute pregoia. 21 urte emititzen jardun ostean agur esango du irratiak. Fabe de Fuka txarangak txosnen irekiera girotuko du, 19:30ean. Aurten, musika eskaintza askotarikoa izango da: Eate, Fink eta Cherry Boppers, Leihotikan, Izargi, Skakeitan, Pentatonix... Bihar, 13:00etan, bigarren urtez, Iñaki Perurena harri-jasotzaileak erakustaldia egingo du. Auzoko errepresaliatuen alde, senideekin eta lagunekin bazkaria antolatu dute Basarraten; ostiralean kontzentrazioa eta brindisa egingo dituzte Karmelo kalean.
Erasoen aurkako kanpaina
Santutxuko jaietan sexu erasoen aurkako programa abiatuko dute. Jendea sentsibilizatzeko jarraibideak zabaltzeaz gain, Auzotarrok elkarte eta merkatari eta ostalarien elkarteekin batera, kartelak eta informazio txartelak banatuko ditu Bilboko Udalak, horrelako egoeren aurrean zer egin jakinarazteko. Erasoen aurrean, 653 60 22 04 telefonoa jarri du eskura Santutxuko Jai Batzordeak.