GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Urrutiko itsasoetan galduta

 

p047_f08.jpg

Gauari arreta jartzeko zereginarekin inoiz baino lehen gerturatu ginen herenegun Kobetamendira. Bidean arazo batzuk sortu zirela ere entzun genuen, baina gu agudo asko heldu ginen hiriaren ikusmira ederra ematen duen muinora. Ateak zabaldu eta aurreneko ehunka festibalzaleak korrika zoroan jaialdi gunean sartu zirenerako bertan ginen eta, egia esatera, gehiago gozatu genuen egunaz gauaz baino -nabarmentzekoak Alt-J eta Edward Sharpe & The Magnetics Zeroren jarduna, espiritua elikatzeko modukoak-.

Hiru agertoki dira hemen, eta eskaintza ere ez da makala. Aparte, karpape erraldoi -eta zenbaitetan itogarri- batek laugarren ikuspuntu musikala ematen digu; euskal talde batzuek bertan izango dute gotorlekua. Jaialdiari hasiera Skastik eman zion bertan, animoso, eta itxiera, gogotsu, Deloreanek, biak ala biak zarauztarrak. Azken hauek jotzen zirela, goizeko lauretara zihoala-eta apurka-apurka etxerako bidea hartu genuen. Ehunka zonbi aldapan behera, hirirako bidean...

Karpapetik belartzara, askorako eman zuen gauak. Bigarren oholtzaz paso egin eta hirugarrenean gozatu genuen gehien. Askok Charles Bradley & His Extraordinaries ezagutu zuten, norabidez aldatu eta lekua irabazi duen oholtzan. Bradley maitagarria James Brownen eskolako musikari beltza da, eskarmentuduna, eta bene-benetako soula egiten du, pasioz kantatua. Ez da gaztea eta ez dago sasoiko... baina inork ezin du atzean utzi. Imintzioz, dantza beroz eta maitasun kantaz kanta ikusleriaren bihotzak bereganatu zituen.

«Welcome to My World», Depeche Moderen unea da. Hirukotea Guggenheim bisitatu eta Nerua jatetxea finean bazkaltzetik ei zetorren. Andrew Fletcher, Martin Gore eta David Gahan nortasun handiko frontman-ak talde handia osatzen dute -zuzenean laukotea izaterainokoa!-, dagoen oholtzarik handiena ere betetzeko beldurrik ez duena. Ez daramatzate alferrik hiru hamarkada taula gainean. Eta gainera, «Delta Machine» defendatzera datoz; zaleak bat dira lan inspiratua dela. Lan berriko bigarren kanta -bost jo dituzte-, «Angel», ondo hasi dira.

35.000 zale dituzte aurrean, dantza epelean (jaialdiko lehen eguneko datuak, antolakuntzaren arabera). Baina «Precius» hasi berri dela... klak, klak, klak... Gahanek emanaldia eten behar izan du arazo teknikoak direla medio. Ez du zorterik kontu honetan jaialdiak. Iaz The Cure izan zen arazo larri bat izan zuena -gerora ikuskizuna berezi egin zuena-, eta Garbagek ere kolpera soinua galdu zuen kanta batean. Aurtengo kasuan, zorionez, taldeak kanta berrabiarazi eta besterik gabe aurrera jarraitu zuen... ala ez?

Arazoa konpondu eta indarra galdu zuen zuzenekoak, gure aburuz, eta ez bakarrik bolumenean. «Heaven» ederra tarteko, tentsioa bukaeran baino ez da bueltatuko, «Enjoy the Silence» eta «Personal Jesus» hit ezagunekin. Berriro argipean, «Just Can´t Get Enough», «I Feel You» eta «Never let Me Down Again» kantek itxi dute ikuskizuna. Inpaktatua gelditu denen bat edo beste aurkitu dugu gero, baina guk urruti sumatu dugu Depeche Mode. Akaso, zaleek oraindik urruti dutelako hurbileko lana, «Delta Machine», edo emanaldia maldan eserita entzun dugulako atze-atzean. Hemendik itsasoko olatuak ikusten dira, argiztatutako festibalzale guztiak besoak jaso eta ezkerretik eskumara bizkor astinduz jarri baititu ur handietara ohituak diren Depeche Modek.

Oholtza nagusian, Editors izan da Depeche Mode baino lehen, Two Door Cinema Club gero. Azken hauek aproposak suertatu ziren jaialditzarrerako; pop distiratsu eta bizia eman zuten, eta «What You Know» moduko kantuekin martxa berreskuratu zuen Kobetamendik. Jada goizaldea zen, baina eutsi zion entzuleriak! Editors, bere aldetik, Bilbao Liven izana zen, 2009an jo zuten eta Depeche Moderen aurretik orduan ere. Ez dute aurrera egin harrezkero, ez du arreta handirik sortu «The Weight of Your Love» azken lanak. «Sugar» kantarekin hasi eta «Papillon»-ekin itxi zuten jarduna. Tarteka, azken kantan esaterako, Depeche Mode-rengana hurbiltzen saiatzen da boskotea, askoz garbiagoak diren arren. Editorsek badu kanta dotore parea -berrien artean «A Tone of Love», U2 gogorarazten diguna-; baina...

Anartz BILBAO