GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN, jon garmendia, idazlea

Mugalariaren desira


IPAR ekhian

Ibardineko lepoaren bidean, Urruñan, dago Miña Baita baserria, eta gaur behintzat, mina baizik ez du bere baitan, pareta zaharrei bizia ematen zien Antton zendu delako 75 urterekin. Joseph anaia zaharragoarekin bizi zen baserrian Antton Etxebeste; mutilzaharrak biak, garaiko bizimoldeari eusten zioten eskuz esku, beren ardi, oilo, txerri eta behiekin ateratakoarekin eskuratzen zutelarik ahora eramatekoa. Laster hilabete egingo du Joseph hil zela; Anttonek uztailaren 11 bukatzear eman du azken arnasa. Baserri zaharra bakarti dago orain, eta nehoiz guti egon izan da hala, hegoaldetik Bidasoaz gaindi ihes egindako euskaldun askoren aterpe izan delako luzaroan.

Sekretu andana eraman ditu Anttonek, segurki, horma zaharren barnean geldituko direnak betirako, edo haietan egondakoek haizeratu ahalko dituztenak. Film gehiago egingo ziren argudio gutiagorekin. Umetatik, mugako harizti eta pagadien arteko bidexka guztiak ezagutzen zituen Anttonek, horrek bultzatu zuen haietan kontrabandoan aritzera, eta ETA erakunde armatuko mugalari gisa jardun zuen urte luzez, euskal militanteak alde batetik bestera iragaten laguntzen. Bazeukan txakur leial bat, «Kañel», biziki abila eta trebea, eta hura bidaltzen zuen ehunka metro aurrerago bidea garbi ote zegoen jakiteko. 1976ko apirilaren 18an ez zuen «Kañel» ondoan, Larrun menditik barrena muga iragateko asmoa zeukan Anttonek ETAko hiru kiderekin batera, baina Berako hilerri parean Guardia Zibilak atzeman zituen, eta abisurik gabe hiltzera bota zuten, Manuel Garmendia Korta hil zuten han eta Antton larriki zauritua suertatu zen.

Garmendia Legorretako Kortatu baserrikoa zen. Musika talde ezagunak handik hartu zuen izena. Anttonek preso egin zuen denbora bat, 1977ko amnistiarekin libre gelditu arte. Baina bere Euskal Herri maitea libre ikustea zen bere desira, eta haren alde, eskura zeukan guztia ematen segitu zuen. Bezperan joan da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo