GARA > Idatzia > Euskal Herria

«30 urte daramagu gero eta lodiago gaudela aditzen. Aspaldi dakigu nola argaldu: dieta eta ohitura onekin»

Beroak arropa arinak eta bainujantzia jantzi eta orain arte estalitako gorputz atalak erakustera garamatza. Estetika aipatzen da, konplexuak, «bikini operazioa»... baina kontua kilo batzuk goiti edo beheiti egitetik harago doa, obesitatea gero eta arazo potoloagoa baita munduan. Honi aurre egiteko, dietista eta nutrizionistek beren lanaren garrantzia aldarrikatu eta osasun zentroetan jardutea eskatzen dute.

p014_f01.jpg

p014_f03.jpg

Maider IANTZI

Dietetika eta elikadura zientzien Estatu espainoleko elkartea (SEDCA) sinadurak biltzen hasi da Osasun Ministerioari ikastetxe, lehen arretako zentro, egoitza eta ospitaleetan elikadurari buruzko hezkuntza sartzeko eta mediterranear dieta bultzatzeko eskatzeko, loditasunarekin lotutako eritasunen arriskua murrizteko asmoz. Dietetika eta nutrizioko profesionalak lehen arretako zentroetan egotea ere exijitzen dute, soluzioak eta arreta egokia emateko. Dietista eta nutrizionisten elkarte espainolak (AEDN) eskaera bera egin du, unibertsitate hezkuntza jaso duten dietista-nutrizionistak izan beharko luketela zehaztuz. SEDCAk mediterranear dieta alde batera uztea eta elikadura hezkuntzaren falta arazo kardiobaskularren eta obesitatearen «epidemia» bat eragiten ari direla ohartarazi du. 6 eta 9 urte arteko umeen %45ek baino gehiagok obesitatea edo gehiegizko pisua dute, elikadura segurtasuneko agentzia espainolak egindako Aladino ikerketaren arabera.

Change.org Interneteko plataformaren bidez ari dira atxikimenduak batzen, osasuneko profesional hauen ezagutzek eta arretak patologia kronikoak gutxiago agertzea, osasun arretako kostuak murriztea eta biztanleriaren bizi kalitatea hobetzea lor dezaketela konbentzituta daudelako, Jesus Roman irakasle eta SEDCAko batzordeko presidenteak adierazi duenez. Osasunaren Munduko Erakundeak eritasun kronikoak garatzeko hamar arrisku faktoreetatik bost dietarekin eta ariketa fisikoarekin lotzen ditu. Obesitatea, sedentarismoa, hipertentsio arteriala, hiperkolesterolemia eta fruta eta barazki gutxi jatea dira faktore horiek.

Nafarroako eta EAEko dietista-nutrizionisten elkargo ofizialek ere bat egiten dute euren figura osasuneko lehen arretan sartzeko eskariekin. Azken honekin lan egiten du Bittor Rodriguez EHUko irakasleak. Dietista-nutrizionista eta Elikagaien Zientzia eta Teknologian doktorea da, unibertsitateko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeko kidea. Berarekin mintzatu gara obesitatearen eragileez eta aurre egiteko moduez.

«The obesity era»

Kausei dagokienez, badira ikerketa batzuk dietaz eta ariketa fisikoaz aparte bertze faktore batzuk azaleratzen dituztenak. Aeonmagazine.com atariko David Berrebyren artikulu batean, «The obesity era» izenekoan, lo falta, estresa, birusak, bakteriak, produktu kimikoak, argi elektrikoa, berogailua, aire girotua, amak haurra sabelean zuenean gosea pasa izana, kapitalismoa, negozioa... agertzen dira. Testu honetan ohartarazten denez, azterketa hauek garrantzitsuak dira gizentasunaren erantzun guztiak ditugula gezurtatzen dutelako. Defendatzen duenez, oraindik ez dakigu zein den arazo honi heltzeko modua, baina gero eta garbiago dago sinplista dela obesitatea norberaren ardurari bakarrik egoztea.

Ikerketa hauek zer garrantzi duten galdetu diogu EHUko irakasleari. Agertu duenez, badago zientzia bat kronobiologia deitzen dena, gorputzean inguruneari egokitutako ze erritmo dauzkagun aztertzen duena. «Hamarkadak direla ezagutzen da, adibidez, melatonina izeneko hormonatxo bat jariatzen dugula gauez eta horrek zerikusia du lo egiteko ahalmenarekin. Obesitatearekin badaude ikerketak horren inguruan. Badago ikerlari bat, gainera gure laguna dena, Marta Garaulet, erloju geneak asko aztertu dituena. Erloju biologiko hori pixka bat aztoratuta duten pertsonetan obesitatea garatzea errazagoa dela ikusi du».

Rodriguezen arabera, ikerketa hauek, tenperaturarekin, argi eta iluntasun zikloekin gure gorputzaren erantzunak aldakorrak direla erraten dutenak, eta energia gastuarekin eta, beraz, pisuarekin harremana dutenak, zientziaren ikuspuntutik hagitz esanguratsuak dira, ezagutza handitzen dugulako eta ez dugulako obesitatea jaten dugun eta erretzen dugun horretara mugatzen. Orain, praktikotasun ikuspuntutik, bertze gauza bat da. Ez daki zenbateraino izango den eraginkorra argia eta tenperatura aldatzea.

Lan egiten duen ikerketa taldean programa bat dute obesitatea duten umeak tratatzeko Txagorritxuko ospitalean. Ez diete dieta zorrotz bat jartzen; hiru hilabete irauten duen hezkuntza programa hau ariketa fisikoa handitzean, elikagai hagitz kalorikoak murriztean eta emozionalki indartzean oinarritzen da. «Nahikoa da obesitateari aurre egiteko». Klinika dietetikoetan ere, dietan edo bizitza ohituran kaltegarriak diren edo errazen alda daitezkeen gauza batzuk aldatuta, pisua jaisten dute. Nutrizionista honek defendatzen duenez, eraginkorragoa da hori tratamendu ikuspuntutik geneak eta obesitateak dituen bertze aldagai horietan eragitea baino. Edozein kasutan, agian etorkizunean lagungarria izan daiteke hau ere. «Hitz bitan, ikerketek arrazoia daukate, baina oraindik ez dira praktikotasunera eramaten badaudelako beste baliabide batzuk, dietistok erabiltzen ditugunak, orain arte nahiko eraginkorrak direnak».

Amaren ingurunearen arabera, umeen espresio genetikoa alda daiteke. Ama batzuk elikadura eskaseko ingurune batean egon ziren eta haurrak jaio zirenean egoera hori aldatu egin zen. Ikerketek erakutsi zutenez, umeek energia ugari gordetzen zuten informazio genetiko hori jaso zutelako eta jateko anitz zutenez, obesitatea garatu zuten. Herbehereetan gosea pasatu zuten negu batean, 1944tik 1945era jaiotako 40.000 ume gizenagoak izan ziren eta diabetesa eta bihotzeko arazoak izan zituzten.

Bittor Rodriguez kide den lantaldean oraintxe ari dira ikertzen Resveratrol molekula, ardoan eta mahatsen eta hainbat fruitu gorri ilunen azalean aurkitzen dena, zentzu berarekin. «Ingurunera egokitzeko baliabide bat dugu elikagaien eta gure geneen arteko interakzioa eta, adibidez, molekula horrekin ikusi dugu lipidoak gordetzeko daukagun joera hori apaldu egiten duela».

Jaten duguna ez dira kaloriak bakarrik; irensten dugunak eragina du fisiologian, biokimikan eta genetikan. Aldiz, aplikazioa oraindik ez da sobera eraginkorra. Adibide bat: molekula horiexek ikertzen dira elikagai funtzionalak sortzeko. Horien artean fitosterolak, kolesterola murrizten dutenak soilik daude frogatuta. Baina gehienez %10 gutxitzen dutela ohartarazi du irakasleak. «Gehienetan ez da esanguratsua. Tratamendu dietetiko batekin eta jarduera fisikoarekin askoz gehiago murriztu dezakegu. Badaude tratamendu, programa, estrategia eraginkor desberdinak zoritxarrez aplikatzen ez direnak».

Dietistak, osasun merkatutik kanpo

Dietistek, Gasteizko fakultatean lau urtez hezten dituzten profesionalek, ez dute osasun zerbitzuetan lan egiten. Eta hauek, protokolo zorrotz batekin, kilo dezente kendu ditzakete osasuna arriskuan jarri gabe. «Baina gauza isolatuetara, elitistetara joaten gara: geneak, mirakulu molekulak... badauzkagunean baliabide eta tresna eraginkorrak, aspaldi dela gainera. Hor atzean badago industria eta kapitalismoa. Kontsumitzaileak jomuga elikagai isolatuetan, hau da, pote batean sartu eta sal daitezkeen horietan izatea interesatzen zaio industriari. Gero eta informazio gehiago ateratzen da eta kontsumitzaileak datu pila dauka, puntuala, puntu zehatz batean fokalizatua. Baina gehiegizko pisuan eta obesitatean eragina duena bizitza estiloa edo bizitza ohiturak dira».

Rodriguezek azaldu duenez, egunero bost barazki eta fruta jaten saiatzen bagara, irensten dugun kaloria kopurua asko murriztuko dugu. Eta egunero ordu erdi gutxienez ibiltzen bagara, gastu energetikoa anitz goitituko da. Horrekin bakarrik izugarri aldatuko litzateke populazioaren egoera nutrizionala.

Horren partez, ordea, entretenitzeko, biztanleriari ordaindu behar diren isolatutako produktuak eta tresnak ematen dizkiotela salatu du. Horren eredu dira urtero-urtero uda partean ateratzen diren dietak. Orain dela gutxi Europar Batasunak txosten bat atera du erranez obesitatearen eta gehiegizko pisuaren aurka egiten diren saiakerak ez direla eraginkorrak izaten ari. Nutrizionista honen iritziz, edozein arrakastaren ardatzak bi dira: oinarri teoriko oso zorrotza eta frogatua, eta horren aplikazio ona. «Hor dauzkagu oinarri teorikorik ez duten aplikazioak; Dukan dieta, adibidez. Eta bestalde, badauzkagu zorrotzak diren ezagutza zientifiko asko, elikadura piramidea kasu; urtero berri bat daukagu eta ez dugu lortu populazioak uler dezan, informazio nutrizional soila ematen baitiogu, eta ez tresna dietetikoak».

Nabarmendu duenez, urtero ikerketa pila batek dio gehiegi jaten dugula eta gero eta potoloago gaudela. 30 urte daramagu horrela. «Baina hamarkadak dira badakigula nola argaldu: tratamendu dietetiko eta bizitza ohitura egokiekin. Eta dietistak horretan adituak eta heziak gara. Gauza da ez gaudela osasun merkatuan».

Osasunaren Mundu Erakundeak hilkortasuna eragiten duten gauza garrantzitsuenak obesitatea eta gosea direla dio. Horrek bertze puntu batera garamatza: «Ez dugu pisu egokia mantendu behar gure osasunagatik soilik. Amak esaten zuena (`platerean utzi duzun hori jatekorik ez daukan ume batek ez dakizu nola jango zuen!'), sakontasun izugarriko mezua da. Datorren hilabetean Mozambiken kooperazio lanetan egongo naiz egunean behin, bi egunetan behin eskukada bat janari hartzen duten haurrekin, eta hona etortzen naizenean beti berdina kontatzen diot jendeari: hemengo ama batek hirugarren munduko ama bati begiratuko lioke eta esango lioke, nire umeak gizarte honetan obesoa izateko %40ko aukerak dauzka. Eta kontran, besteak esango dio: ba nik, akaso, nire zortzi umeen artean aukeratu beharko dut ahulena eta hiltzen utzi beharko dut, bestela besteak ezin izango ditudalako mantendu. Etikagatik ere dauzkagun osasun baliabideak aprobetxatu beharko genituzke».

Denetarik daukagu hemen eta, halere, ez dugu ongi jaten. Bittor Rodriguezen ustez, kontsumo gizarte honetan denborarik ez edukitzea, ez pentsatzea eta kritikoak ez izatea da xedea. Eta hirugarren munduan egiten den lan bera egin behar dela deritzo: kontsumitzailearen subiranotasuna eta irizpide kritikoa bultzatu kontsumo sostengarri bat egiteko; kontsumo lokala eta lurreko produktuena sustatu, gure dietan falta dena batez ere barazkiak eta frutak baitira.

Molekula toxiko ugari ditugu bueltaka, sobera ikertzen ez direnak. Irakasleak sarri ikusi du industria legegintzaren aitzinetik doala; are gehiago, industriak legegintzan eragina izan dezake. Adibide bat plastikoetan dagoen Bisfenol-A produktua da. «Gure umeei oso seguruak ziren eta farmazietan saltzen ziren biberoiekin eman genien esnea. Denborarekin debekatu egin zituzten Bisfenol-A zeukatelako eta berotzerakoan esnera pasatu eta bigarren motako diabetesa eragin dezakeela frogatu dutelako. Askotan produktu bat merkaturatu eta gero ezagutu dugu eragin kaltegarria duela». Dietistak ez du alarmarik sortu nahi, baina bai espiritu kritikoa: «Saia gaitezen ahalik eta plastiko eta ontzi gutxien kontsumitzen».

Umeak osasun agente

Umeekin egiten ari den lanketan Bittor Rodriguez partaide den EHUko lantaldeak kontsumo industriak erabiltzen dituen baliabideak erabiltzen ditu. «Industria hau oso ona da behar ez ditugun gauzak erosteko konbentzitzen. Engainatu egiten gaituzte, eta hori guztia ikertuta dago ikuspuntu psikologiko eta soziologikotik. Nola konbentzitu kolektibo bat, gizarte bat gauza bat kontsumitu dezan? Bada, hori ari gara aplikatzen baina osasunera, umeak konbentzitzeko fruta eta barazki gehiago jan ditzaten».

Jakinarazi duenez, programa bat diseinatu dute elikadura irensketaren determinanteetan oinarrituz. Ikertuta dago ze arrazoi eta baldintza behar dituen pertsona batek, heldua edo umea, desberdinak dira, erabaki bat hartzeko: fruta jan nahi dut. Arrazoiak eta motibazioa behar ditu, baita gaitasun batzuk ere. Errate baterako, nola banatu egunean bost fruta eta barazki errazio. Zentzumenak lantzen dituzte haurrekin, gustuko dituzten fruta eta barazkiak bilatzeko erabil ditzaten. Aukera ere behar du: gustuko fruta eta barazkiak izan behar ditu etxean.

«Programarekin fruta eta barazkiak jateko haurren intentzioa aldatzea lortu genuen. Hori joan den ikasturtean egin genuen mila umerekin. Irailetik aurrera berriro aplikatuko dugu eta 2015ean saiakera handiago bat egingo dugu: benetako kontsumoa aldatzen saiatuko gara eta umeek zenbat fruta eta barazki gehiago jaten duten neurtuko dugu». Hori diseinatzen ari dira orain. «Bost fruta eta barazki, osasunerako aski» izena eman diote umeentzat programari. Gasteizko merkatuan egin zuten, bertan eros daitezkeelako produktu erakargarri eta freskoenak. Umeek osasun agente moduan parte hartu zuten, eta gurasoak hezteko lana eman zieten. Bertze udal eta antolakundeei programa eskainiko diete eurek ere erabili nahi badute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo