Mikel Zubimendi | Kazetaria
Gomendio xume bat onartuko bazenit
Bakardadea jendeztatzea eta jende artean bakar-bakarrik sentitzea handia da, pribilegio bat. Munduan azkena sentituz norbere oskolean bildu eta molusku-molusku goxo egotea bezala. Lihozko alkandora jantzi eta haztatu, Mendaroko txokolate ontza ahoan urtu, baserriko ortuan goizeko aire garbia arnastu... gure herria gozatzeko eta estimatzeko moduak plazera besarkatzeko bezainbestekoak dira. Bat bera ere ez dugu debekatua eta denak ohoratzen, goratzen ikasi beharko genuke. Eta ez ahaztu denborak gauzak aldatzen dituela, betirako galduak uste zenituen momentuak oparitzen dizkizula ezustean. Ez naiz inori aholkuak emateko inor, inoren aholkuak jasotzeko aproposena ere ez. Gomendio xume bat onartuko bazenit, baina, bat aipatzearren, lasai-lasai bizi, ongi jan, txiza egin eta ohera, lo-lo egitera! aipatuko nizuke. Eta kuraia on-ona, adorez lepo izateko otoitz honekin batera.
Gogogabe, ezer ere ez egiteko mila arrazoi dituzu. Aukera legitimoa da beti. Baina arrazoi bakarra duzu aurrera egiteko: behea jotzeari edo daukazuna galtzeari diozun beldurra baina indartsuagoa dena. Zure barne desira zintzoa. Ausartzen bazara zeure kabuz egin beharko duzu saioa, ez zaitu inork imitatuko. Eta irakasgai bakarra aterako duzu: korrontearen kontra, ur handi horietara jauzi egitea zalantzan jarri ez duen izpiritu librearena. Zeure buruaren gaitzespenik izan ez dezazun.
Ideia egin baduzu, eutsi horri. Irudikatu bere adiera ezberdinetan, asmatu erreferentziak, diseinatu tendentzia estetiko berriak, topatu aplikazio berriak eta aberriaren disposiziora jarri. Ustiatu gabeko lurralde batean ibiliko zara, zure inteligentzia erronkan jarriz, eremu berriak esploratzeko atakan. Oratu berrikuntzari ausardiaz, eskema pertsonal eta filosofikoak deseraiki eta, gogo baduzu, gonbidatu zure bihotzeko lagunak territorio ezezagun eta kilikagarri horretara. Eta ametsak, ametsak beti! Eta zenbat eta errealitatetik harago, orduan eta hobeto. Ez behartu ametsa errealitatearen errebalida pasatzera.
Adore. Eta muxu bat. Usain arinezkoa, sosegurako ohe sakon eta ezkutua izango duzuna, lore exotiko eta bitxiak zintzilik zerupe ederragoetan muxukatuko zaretenontzat loratuko direnak.