GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban | Historialaria

Biharamunaren esperantza eta kontraindikazioak

Emakume batek kamiseta kentzeko duen eskubidearen edo plazeraren onarpena oinarri hartuta begien aurrean izan ditugun irudiok ez dira, nire ustez, praktika sexual aske eta negoziatuen ondorio izan

Hiri zahar honetan bestondoarekin gaude oraindik. Hitzetik hortzera dabil sanfermin hauen kutsu historikoa, ziklo berri baten aurrean egon gaitezkeen printzipioa espazio publikoan libratu den batailan islatu delako beste behin ere. Iruñea zahar honetako kaleak, plazak eta parkeak horren lekuko izan dira. Ukaezina da, bereziak izan dira honako jaiak, ziur aski, azken hamarkadetan jazarpenik basatiena bizi izan duen herri sektorearen jabetze prozesua edo empowerment-a eszenifikatu dela sentitu dugulako askok. Espazio berriak okupatu eta edukiz bete dira, diskurtso berriak zabaldu dira eta lau haizetara oihukatu dugu «UPN kanpora» organikoki ezkerreko egitura abertzaleetan ez dauden nafar askorekin batera.

Gehiengo politiko berriak egituratu daitezkeen sentsazioa indartsu agertu zaigu begien aurrean eta ustekabe laburrean bihotzak esperantzaz jantzi zaizkigu. Nafarroako hiriburuan, oinen azpian sentitu dugu «goikoen» eta «betikoen» hegemonia politikoaren dardara eta balantza. Eta hori, sentipen handia da gure Iruñea honetan. Kolosala, esango nuke. Alabaina, jaiaren ostean etortzen da biharamuna. Bestondoak sortzen digun oroimen lanbrotuan jaiaren epika gordetzen dugu, baina honekin batera agertzen zaizkigu hain desatseginak diren kontraindikazioak. Zorabioa, goragalea, nekea.

Zorabioa. Zorabiatuta nago alde batetik bestera barreiatu diren jokabide sexisten inguruko irudi, iritzi artikulu eta gainontzekoekin. Ez dira berriak pasa diren horiek; aurten ordea, oihartzun handia izan dute eta mundura salto egin dute aurreko urteetan sikiera tratamendurik ez zuten gertaerek. Nire ustez, badira kontuan hartu beharreko pare bat ohar kontraindikazio honi dagokionez: mugimendu feministak salaketaren eremuan egindako lana errekonozitu beharra dagoela uste dut. Hori ere sanfermin hauen garaipen politikoa da, analista askok soilik ikurrinaren zabalpenean edota jai-gunearen lorpenean arreta jarri badute ere. Bestalde, oso kontuan hartzekoa da sare sozialek diskurtso kontrahegemonikoak zabaltzeko duten potentziala.

Goragalea. Goragalea sentitu dut zorabioarekin batera. Jai hauetan esperantzaz beteriko bihotzetan saminari lekua egin behar izan diogu ezinbestean, irudiok mina eman digutelako askori. Emakume batek kamiseta kentzeko duen eskubidearen edota plazeraren onarpena oinarri hartuta, begien aurrean izan ditugun irudiok ez baitira, nire ustez, praktika sexual aske eta negoziatuen ondorio izan.

Nekea. Horren kontzientzia dugunontzat neketsua delako harreman sexual ez baimenduak eraso sexisten kategoria izan dezaten oraindik egin eta esan behar ditugunak. Nekea, Enrique Mayaren adierazpenak entzuterakoan eta are neketsuagoa alkateak erasoen inguruan egin adierazpen larriak beste askoren buruetan daudelako oraindik.

Dena dela, biharamunaren eraginak arinduko zaizkigu eta ostera, iritzi-simulakro hauek jasotzen dituzten artikulu berriak idazten segituko dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo