GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | donostiako aste nagusia

1813ko gertakariak oroituko dituzte Donostiako Piratek txupinazo egunean

Parte-hartzea sustatzera bideratutako egitarau alternatibo eta herrikoia prestatu dute Donostiako Piratek. Iaz sortutako Eskifaia Gazte Kofradiari, Pirata Bihurrien Kofradia gehituko zaiola iragarri zuten atzo egindako aurkezpenean. Aurtengo Aste Nagusirako pentsatuta dutenaren zertzeladak besterik argitu ez bazituzten ere, txupinazoa desberdina eta hunkigarria izango dela aipatu zuten. Ezkilak eta Mattik 1813ko donostiarrei utziko diete protagonismoa.

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

«Parte hartuz, donostiarron sareak josi» da Donostiako Piratek abuztuaren 10etik 18ra ospatuko den Aste Nagusirako hautatutako leloa. Duela hamaika urte hasi zuten jai herrikoien aldeko borroka, eta beraiek antolatutako ekintzek arrakasta handia dutela ikusirik, herritarren parte-hartzea indartzea dute xede berria. Horregatik otu zitzaien kofradien ideia, piratak gustu eta interesen arabera banatuz, bakoitzak egitarau propioa osatu dezan. Horrela jaio zen Eskifaia Gazte Kofradia, atzetik laster aurkeztuko duten Pirata Bihurrien Kofradia etorri zen, eta jada badago beste hirugarren bat lanean. Guztien helburua jaietan barnealdetik parte hartzea izango da.

Lankidetzan egingo dute txupinazorako prestatuko duten ekitaldi berezia ere. Aurten aliatuek Donostia suntsitu zutenetik berrehun urte betetzen direnez, 1813. urtera bidaiatuko dute Piratak. Donostia Sutan elkartearekin batera, kalejira bat prestatu dute Zuloaga plazatik hasita. Jarraian portura abiatuko dira Piratak eta garaiko arropak eramango dituzten donostiarrak, eta La Flamenka gunera iristean, orduan bai, Ezkila Kapitaina eta bere lagun Matti iritsiko dira, jaiei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko.

Kofradia bakoitzak bere egitaraua osatu beharko duenez, ekitaldi ugari daude piraten kolektiboaren baitan, eta atzo ezin izan zituzten denak aipatu, baina ospakizunik garrantzitsuenen berri eman zuten. Abordatzea abuztuaren 12an izango da, astelehenean (aurretik izena eman behar da, abordaia@gmail.com helbidean), eta Kuadrillen Eguna 16an, ostiralean. Haurrek primeran pasatuko dute osteguneko Abordatze Txikian (piratabihurri@gmail.com), baita larunbateko surf ikastaroan ere bai. Asteazkenean adin guztientzako jolasak izango dira (eskifaiakofradia@gmail.com), eta 11ko iganderako Urgullera erromeria prestatuko dute familiek elkarrekin gozatu dezaten.

Asteartean, hilaren 13an, berriz, hiriburu guztietako gazteak iritsiko dira jaien arteko sareak sortzeko bidean abian jarritako Kale Jira dinamikan parte hartzera. Azken egunean, abuztuaren 18an, Irrikitaldia ospatuko dute arazoez barre egiteko.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo