GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Gomazko piloten auzia Estrasburgoko kantxan

Carles Guillot gazte kataluniarrak 2001. urtean galdu zuen begia Mossos d'Esquadra-koek jaurtiki gomazko pilota baten kolpea jaso ondoren. Hamabi urtez, epaitegitik epaitegira ibili da justizia eske, errudunak eta arduradunak nortzuk diren xerka, eta denetan horma berdina topatu du: poliziaren basakeria ukiezin egiten duen inpunitate sistema, hain zuzen. Bide legal guztiak agortuta, bere kasua Estrasburgoko Epaitegira eraman du osotasun fisikoa urratu eta atzerapenik gabeko prozesu judizial justua ukatu zaiola argudiatuta. Ikuskizun dago Estrasburgok ontzat emango duen demanda ala ez, baina haraino lehen aldiz iritsi izana bada zerbait. Hasteko, Katalunian bereziki gomazko piloten erabileraren aurka egin den lan handiaren fruitua da. Eta bestetik, bereziki Euskal Herritik gertutik jarraitu beharreko auzia da. Izan ere, Carles Guilloten kasua da, baina izan zitekeen Ester Quintanarena edo Nicola Tannorena, edo Txuma Olaberrirena edo Xuban Nafarraterena. Edo Ertzaintzak gomazko pilotekin hil dituen Rosa Zarra edo Iñigo Cabacasena.

Gomazko pilotak potentzialki hilgarria diren arma oso arriskutsuak dira, legeak esaten duenaren kontra -50 metro baino gutxiagora ezin tiro egin eta inpaktua beti zeharkakoa- erabiliak. Zigorgabe, eta kondenatuak balira, indultatuak diren poliziengatik. Basakeriaren sistema da hori. Kasuok berriz ez gertatzeko eraitsi beharrekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo