Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko 1,6 milioi euro bideratu dute Lakuak eta EEPk
Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Gasteizko Gobernuak Ipar Euskal Herrian euskararen alorrean aritzen diren eragileei zuzenduriko 2013ko lankidetzarako diru funtsa aurkeztu zuten atzo Baionan.
GARA | BAIONA
Ipar Euskal Herriko hiru probintzietan euskara sustatzen diharduten hainbat elkartek atzo jakin zutenez, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Gasteizko Gobernuak 1,6 milioi eurorekin finantzatuko dute euren jarduna, atzo Baionan horren berri emateko egin zen ekitaldian argitu zutenez.
Kopuru horretatik, Euskararen Erakunde Publikoak 1.200.000 euro jarriko ditu, eta Lakuako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gainerako 400.000 euroak.
Hitzarmenez loturiko zortzi eragile nagusiek 1.250.000 jasoko dute. Horietako lau haurren hezkuntzari lotuak dira: Seaska (380.000 euro), Ikas Bi (30.000), Euskal Haziak (20.000) eta Biga Bai (15.000). Haurren aisialdiaz arduratzen den Uda Lekuk 145.000 batuko ditu, orotara. Beste hirurak, helduen euskalduntzeaz arduratzen den AEK (320.000), Bertsularien Lagunak (55.000) eta Euskal Irratiak (285.000) dira.
Gainerako 350.000 euroak hainbat eragile pribaturi irekitako proiektu deialdien bitartez banatuko dituzte. 83 proiektu izango dira guztira, horietako 35 berriak.
Agerraldiaren baitan, astelehenean Estatu frantseseko Kultura ministroari aurkeztu zitzaion «Eskualde hizkuntzen aldeko politika publikoari buruzko txostena» aipatua izan zen, bertan hizkuntza gutxituentzat lege bat eskatzen delarik. Frantxua Maitia EEPko presidenteak bat egin zuen eskaera horrekin eta euskararen aldeko lege bat izatea espero duela adierazi zuen. Lakuako Gobernuaren izenean, Patxi Baztarrikak ere nahi horrekin bat egin zuen.
Euskaldun osoak sortu
Diru funtsaren aurkezpen agerraldian, Frantxua Maitia EEPko presidenteak hezkuntzak duen garrantzia nabarmendu zuen: «Familia bidezko euskararen transmisioa txikitzen ari den garai honetan gazte euskaldun osoak sortzeko politika publikoak guztiz beharrezkoak dira».
Patxi Baztarrikak, bestalde, azken datuen arabera euskarak Ipar Euskal Herrian bizi duen egoera zaila ekarri zuen gogora: «Euskarak hiztunak galtzen jarraitzen du, eta ahuldu egin da era berean euskararen aldeko jarrera herritarrengan. Zorionez, gazte elebidunen kopurua hasi da gora egiten».
Errealitate gogor hori aldarazteko lanean ari diren gizarte eragile eta herri erakundeen arteko osagarritasunaz mintzatu zen Baztarrika. Diru laguntza hau jasoko duten elkarte eta gizarte eragile guztiak beren lanean «eraginkortasuna eta bikaintasuna» xede izatera animatu zituen, «hori izango delako arrakastaren bermerik onena eta gure herri erakundeen arteko lankidetzaren justifikaziorik garbiena».
Lakuako ordezkariak, era berean, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan euskararen sustapenean lanean dabiltzan gizarte eragileen aniztasuna azpimarratu zuen, «denok baikara beharrezkoak euskara biziberritzeko ahaleginean, nor bere planteamendutik, baina lankidetza leialean eta elkarren errespetuan oinarriturik».