GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Ritxi AIZPURU, Musika argitaratzailea

Musikaren herriak

 

Musikak ez duela herririk idatzi ohi izan da maiz gauza erraz bat argitzeko edo adierazteko: musikaren hizkuntza unibertsala dela, eta alegia, musikaren beraren mundukotasunak denona egiten duela musika hori denok uler dezakegulako. Pentagramaren unibertsaltasuna ezin da inolako zalantzan jarri baina, bitxikeria moduan, musikari asko ez da gai pentagrama irakurtzeko. Berdin dio, makina bat abesti ospetsu pentagrama irakurtzen ez dakien musikari trebatuek egin dituzte. Zazpi nota munduko bazter guztietara begira. Baina pentagramako noten alboan herrietako hizkuntzak ditugu, musikak hor gal dezake bere unibertsaltasuna. Hizkuntzak munduan daude baina batzuen balioa beste batzuena baino handiagotzat dute hainbatek (beste herrien gainetik egon nahi duten estatuak daude, denak ez esatekotan, hori baita estatu guztien patua, beti garaile izan nahi, beti boterea eskuetan).

Hizkuntza gutxituek ez badute beste hizkuntza menderatzaileek duten indarra, botere faktikoen bultzada eta demokrazia itsuaren defentsa eskubidea unibertsala dela aipatuko dute menderatzaileek. Musikaren herria ez da bakarra. Musikak herri asko ditu eta gehiengoak estatuen inperialismoarekin loturik daude. Musikak beti izango ditu irekita besoak herrira (edo eduki beharko lituzke) baina hainbat herritan beste herrietako musikek ate gehienak itxita aurkituko dituzte interesik ez dutelako sortzen. Euskal Herriak beti izan ditu bere ateak irekita munduko musika guztietara. Baina azterketa soil batek esango digu kanpokoak diren musika talde gehiago inportatzen dugula Euskal Herritik kanpora esportatu baino. Ze zaila den norberaren herriko taldeak beste herrietan sartzea, rockeroak batez ere, agian unibertsaltasuna dela medio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo