GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Okre koloreko artadiak

Jon GARMENDIA | idazlea

Nafarroa Behereko herriek xarmapean naukate. Txorien kantuarekin eta behien joare soinuarekin esnatzeak ez du parekorik, eta paisaia eder hauen artean sentitu ahal denak ere ez. Zelai berdeak eta etxe gorri-zuriak, ikurrinaren koloreak begien bistara, baserri handi batean bizi bazina bezala sentitzeko, Euskal Herria ez delako baserri eder horren postala, baina baserri hori ere bada Euskal Herria. Eta ez dut datu enpirikorik erratera noana babesteko, baina pertzepzioa badut apurka-apurka bizimolde hori galtzen ari ote den. Aita baserritarra dut nik, eta atrebentzia handia litzateke nerau ere hala naizela erratea, nahiz eta han sortua naizen; baina baserritarrak badu funtzio bat beste gauza anitzen artean, eta hau azaltzeko aitaren errana ekarriko dut hona; hau da, «baserritarrak direla mendiko jardineroak». Bai, baserritarrak gutxitu arau, mendiko sasiak gerturatzen ari dira behealdeko lurretara, basabereak hurbilago ditugu, basurde eta orkatzak, azeriak, eta urtxintxa bakanak; eta nora ezean dabiltza gure presentziarekin.

Naturaren oreka zaintzen, eta haren eremuak garbitzen dituztenak falta direnean nork emanen dio segida honi guztiari? Nafarroa Behereko lurrei gero arte erratean, etxebizitza eskubide bat dela salatzen duten margoez apaindurik ikusi ditut baserri huts batzuk. Beraz, bada haietan bizi nahi lukeenik. Okre koloreko artadi eta kanabera zutoinetatik urrunduz, Baionako ibai ertzean tximinia erraldoi batzuk agertu zaizkit bistara, eta handik irteten den keari iltzatu diot pentsamendua, su txingar horretan etorkizuna marrazteko xarma galdurik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo