GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Aldarrikapen artean hasi dira Irurtzungo jaiak

Nafarroan jaiak ez du etenik, eta sanferminak bukatu eta hiru egunetara Irurtzungo herritarrek eman diete hasiera bertako festei. UPNk jaurtitako txupinazoan, Foru plaza ikurrinaz eta «Barcina vete ya» eta «Inasa ez itxi» zioten pankartez jantzi zuten irurtzundarrek.

p055_f02_150x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRURTZUN

Nafarrak uztailaren 6ari begira bizi dira, eta 14a iristean, atseden beharra hedatuta izaten da herrialdean. Irurtzunen, aldiz, sanferminak prestaketa gisa hartzen dituzte, datozen egunetan herriko jaietan maila emateko asmotan.

Atzo hasi eta igandera bitartean irurtzundarrek egun hauetarako lagun taldeka egokitzen dituzten alkandorak jantzi eta festarako parada ezin hobea izanen dute. Gogoak ere horrela zeuden atzo goizetik. Nahiz eta arratsaldera arte jaiak modu ofizialean ez hasi, goiz partetik ikus zitezkeen gazteak datozen egunetarako probisioak kargatzen.

18.00etan, puntu-puntuan, UPNko zinegotzia udaletxeko balkoian agertu zen, plaza ikurrinaz betetzen zen aldi berean. Aldarrikapenerako tartea izan zen, eta «Barcina vete ya» eta «Inasa ez itxi» zioten bi pankarta zabaldu zituzten. Herritarrek, ordurako nahiko animatuta, xanpain botilak ireki zituzten. Jaiei hasiera eman aurretik, ohiko zapi eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren liburua eman zieten azken urtean herrian jaiotako haurrei. Hala ere, kasu hauetan gertatu ohi den moduan, gurasoak izan ziren momentuaz gehien gozatu zutenak, eta oroimenerako argazki hori gorde nahi izan zutenak.

Behin jaia lehertuta, plaza ekitaldiz bete zen, erraldoi, buruhandi, txaranga eta dantza taldeekin. Irurtzundarrek erantzun ona eman zioten jai hasierari, eta jende ugari gerturatu zen hasiera-hasieratik herriko plazara. Lehenbiziko eguna izanik, indarrak oraindik ere bete-betean egon beharko lirateke, baina arratsaldean erretakoa (eta edandakoa) berreskuratzeko, herri afaria antolatu zuten Orritz dantza taldeak eta Pikuxar tabernak, eguerdian trikitixa eta txalaparta erritmoekin irekitako Barazki Gunean. Irurtzungo Herri Mugimenduak antolatzen duen gunean, kaldereteak, elektrotxaranga, mus txapelketa eta era askotako kontzertuak -Gaur Ez edota ZTK Rap- izango dira hurrengo egunetan. Herritarrek herritarrentzat eginiko jaiak aldarrikatu nahi dituzte esparru honen bidez.

Jaietan ere, Inasa borrokan

Aspalditik dabiltza Irurtzun eta inguruko langileak borrokan. Lehenbizi, Inasa itxi ez zezaten, ondoren, bertako makinak eraman ez zitzaten herri harresi bat sortu zuten, eta lan tresnak bertan geratzea lortu zuten. Orain, inbertsio talde bat dabil lantokian dirua sartu eta berriz ireki nahian, borroka luze baten ostean lanpostuak itzuli eta lanari fruituak itzultzeko asmoz.

Inasa, herri honentzat, lantegi bat baino askoz gehiago da. Urte askoan Irurtzunen sostengu ekonomikoa izan da, bertako eta inguruko herrietako familien gehiengo handi batek bertan lan egin izan baitu. Jaietan ongi pasatzeko betarik ez da faltako, baina lanpostuak berreskuratzeko borrokarako grina ere ez da inola ere egun hauetan galduko.

Irurtzungo jaiak
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo