Euskal identitatea eragoztean datza arazoa
Nafarroan beren burua nafartzat dute herritarrek, nafar espainolak batzuk, nafar euskaldunak bestek. Kontu hori ez da Nafarroan esklusiboki gertatzen den zerbait, gauza arrunt bat da. Identifikatzen zaituenarekin eraikitzen dira erreferentziak eta zentzu bat ematen zaio bizitzari. Hori natural-natural egiten bada, oztoporik gabe, jazarpenik gabe, ez dauka aparteko garrantzirik. Kontua da, baina, identitate bat eragozten denean, bazterkeria modu legal eta aktibo batez praktikatzen denean, natural ez adierazteko zirrikitu guztiak ixten zaizkionean, identitatea bera arazo bihurtzen dela. Justua eta naturala den sumin baten iturri. Erresistentzia identitate baten ernamuin.
Euskara jazarriz, ikurrina debekatuz eta euskal kultura maingutuz Nafarroan identitate espainiar bat dekretuz ezarri nahi dutenek satorrarena egiten dihardute. Hots, begien truk buztana saldu eta lur azpian itsu bizitzera euren burua kondenatuz. Handik edo hemendik, nola edo hala, orain erauntsi gero zirimiri, beti aterako delako debekatu nahi den errealitatea bere egia eta arrazoi osoarekin. Sanferminetan ikusi da, egunero-egunero ikusten da Nafarroan. Atzo bertan Sortu alderdiak Iruñean eskatu bezala, Ikurren Lege ankerra bertan behera uztea eta jazarpena gelditzea urrats positiboak dira. Arazoen aurrean soluzioak baino errudunak bilatzea maite dutenak, zoritxarrez, egiteko prest ez daudenak.