GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | antzuolako jaiak

Bolbora usaina, odola zainetan, antzuolarren ametsen neurriko jaixak

Mairuaren alardea, dantza edo parrandaz harago, Antzuolako jaixak herritarren ilusio eta elkarlanetik sortu eta herri izaera eta balioen isla diren proposamen marabilla dira. Zentzuak dibertitu eta erraiak aztoratzeko gonbita.

p054_f03.jpg

p054_f04.jpg

Mañel LARENA | ANTZUOLA

Hemen da, aurten ere iritsi da. Antzuolan egun handia dute gaurkoa, Mairuaren alardearena, herritarrek barne-barnean sentitu eta auzolanean antzezten duten ikuskizun emotiboarena. Zinez hunkigarria dena, ikuspegi historiko eta folklorikotik begiratuta balio handiko perla, euskal kultura herritarraren altxor ikaragarri aberatsa.

Foruen galeraren aurretik euskal herrietan ohikoak ziren armen eta milizien egoera jakiteko alardeak gogoratzen dira batetik, eta, bestetik, ustez 920. urtean Valdejunqueran antzuolarrek mairuen kontra egin zuten borroka.

Baina historiatik harago, Antzuolako plazan arratsaldeko zazpietatik aurrera osatuko den konposizioa da nabarmentzekoa. Janzkera zuri-zuriak -zuria, beti zuria, soilik zuria ametsetarako!-, Antzuolako buruzagiaren eta mairuaren artean berdinetik berdinera elkarrizketa ondratua, Iparragirre bardo unibertsalak Antzuolari eskainitako bertsoak, trokeo-dantzak -makil txiki eta handiekin, zinta eta uztaiekin egindako dantzak-, finean, herri oso baten odola zainetan. Auzolanean osatutako proposamen emotiboa, kitzikagarria. Hurbiltzen direnak errepikatzeko gogoz utziko dituena.

Egun handiak bide luzea

Alardea bukatuta, Antzuolako egun handiak bide luzea du oraindik. Afari pasada indarberritzeko, herria gurutzatzen duen erreka bazterreko petriletan eserita ogitartekoa nahi bada, eta indarrak berritu ostean jaiek ez dute etenik izango. Norberaren gustu eta zortearen kapritxoen arabera segituko dute.

Musika proposamen askotarikoa eskaintzen du gauak, publiko partikular eta esklusiboenentzat aukeran. Kalean gora, kalean behera, Elektrotxaranga ibiliko da herrian. Erromeria zale direnentzat, Orots taldeak joko du herriko plazan, eta beste indar bateko musikaren zaleek txosnetan dute hitzordua, Egurra eta kitto, Ezinean eta DJ Jotatxo-ren emanaldiarekin.

Ongi merezitako oporretan diren gaztetxoak, aurten estreinatu dituzten alardeko buruzagiaren eta mairuaren beraren buruhandiekin aski pozik egongo direnak, harrapatzen bazaitu, harrapatzen bazaitu ibiliko dira zezensuzkoaren aurrean.

Eta oro har, antzuolarrek eta bertaratuko diren inguruko herrietakoek uztail beteko egun baten argitzea disfrutatzeko parada eta paraje ezin aproposagoa izango dute. Txosnak irekita, goizeko zazpietan txorizo ogitartekoak eskaintzan... gaupasa baterako osagai guztiak eskura, beraz.

Domekan, herri bazkaria

Igandea -domeka esaten diote Antzuolan-, azken eguna izanagatik ere, proposamenez lepo ageri da. Herriko plaza izango da «jaixen» gune nagusia. Magia zaleentzat Txan magoaren emankizuna izango da eguerdian, gero, txikiteoan, txakolinaren txinparta txispagarri edo ardo on batzuekin urdaila bizkortu ostean, herri bazkarirako deia eginda baitago. Arrain-paella, flana, kafea, ardoa, sagardoa eta likoreak hamar euroan, eta hori guzti hori, lagun zahar eta herri giro gozo baten konpainian.

Arratsaldeko seietan, Bihurrirekin, herri kirolak izango dira. Ondoren, larrain dantza herritarra plazan; Antzuolako Kirol Elkarteak bermatuko ditu mokaduak, antolatu duen pintxo dastaketarekin. Larrain dantzarekin ase ez eta dantzarako gogoz ez da inor geldituko. Izan ere, Ezten giro taldearekin erromeria egongo da segituan. Gaztetxean, bestalde, rock kontzertura hurbiltzeko aukera dago. Eta horrela, apurka-apurka, gauerdira hurbilduko da eguna. Hontzaren igoerarekin jaiei ofizialki bukaera emango zaie, nahiz eta erromeriak eta antzuolarren kastak ordu txikietaraino luzatuko dituzten.

Nornahirekin lasai hitz egitea eta natural-natural bertako sentitzea erraza izango da Antzuolara bertaratuko direnentzat, une eder askoak gozatzeko gonbidapen xarmanta.

Inorekin pasatu barik, ongi pasa beraz, tope-topera, jaixak. Arrazoi ezberdinak medio ez daudenak gogoan -bereziki Eltzikorta herriko presoa-, haien absentzia gertuko presentzia eginda. Jaixak herri nortasunaren ispilu ditu Antzuolak. Oxala izango balira egiten dituzten ametsen neurrikoak ere.

Antzuolako jaiak
Antzuolako jaiak

Ongi merezitako oporretan diren gaztetxoak, aurten estreinatu dituzten buruhandiekin poz-pozik, zezensuzkoaren aurrean salto eta korrika ibiliko dira gero

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo