GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Behingoz» igeldoarren iritzia errespetatua izatea espero du Itxas Aurrek

Itxas Aurre elkarteak «positiboki» baloratu du Aldundiak Igeldoren desanexioaren harira abiatu duen prozesua, baina herri galdeketaren beharrik ez dagoela nabarmendu du, 1994. urtean egin zutela argudiatuz.

p013_f02.jpg

Aimar ETXEBERRIA | DONOSTIA

Dozenaka auzotarren babespean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Igeldoren desanexioaren inguruan pasa den astelehenean egin zuen proposamenaren balorazioa egin zuten atzo Itxas Aurre elkarteko kideek. Bi ideia nagusi plazaratu zituzten prentsaurrekoan: desanexioaren inguruko herri galdeketa jada egina dagoela eta prozesua amaieraraino eramateko baldintza «guztiak» betetzen dituztela.

Aldundiak abiatu berri duen prozesua «positiboki» baloratzen dutela azaldu zuten elkarteko kideek, baina herri galdeketa egiteko beharrik ez dagoela adierazi zuten, «1994. urtean egin zelako». Orduan eman ziren emaitzak «guztiz baliodunak» direla esan zuten, hala ere, kontsulta berri bat egiteko «inolako arazorik ez dutela» azaldu zuten.

Orduko emaitzen berri eman zuten: igeldoarren %68k hartu zuten parte (717 pertsonakoa zen errolda) eta horietatik %58,73ak desanexio prozesuan aurrera egitearen alde bozkatu zuten. Horren aurrean, garai hartan igeldoarren erabakia «ez errespetatzea» egotzi zieten Donostiako Udalari eta Aldundiari. Horregatik, hein batean txalotu egin zuten egungo Aldundiaren jarrera, «gure etorkizunari buruz erabakitzen duguna entzuteko eta errespetatzeko prest dagoela azaldu duen lehenengo administrazio publikoa delako». Hori bai, «behingoz» igeldoarren iritzia errespetatua izan dadila espero dutela esan zuten.

Aldundiaren proposamenaren aurrean hainbat talde politikok plazaratu dituzten iritziak «ez datoz bat errealitatearekin», elkartearen esanetan. Horregatik, azken 18 urteetan eginiko ibilbidea legeak ezarritako «pauso eta eskakizun guzti-guztiak betez» egin dutela argitu zuten. Igeldoko prozesuari ezarri beharreko araua 1960/1986 Errege Dekretua dela argitu zuten, «eta ez zenbait urte beranduago onartutako foru araua». Dekretu horren arabera, gainera, igeldoarrak soilik dira herri galdeketaren subjektu eta inola ere ezingo litzateke prozesua Donostia osora zabaldu.

Baldintza guztiak beteta

Igeldoren desanexio prozesua amaieraraino eramateko aipatutako dekretuak ezartzen dituen baldintza «guztiak» betetzen dituztela ziurtatu zuten, «hala adierazten dute urteetan zehar aurkeztu ditugun txosten guztiek».

Afera ekonomikoak sortzen du zalantza gehien desanexio prozesuari dagokionez, baina udalerri bezala Igeldo «bideragarria» izango litzatekeela adierazi zuten. «Informe ekonomiko guztiek bideragarritasun ekonomikoa aitortzen digute. Azkena duela hilabete egin genuen, eta honek ere hala adierazten zuen. Zerbitzuak mantentzeko aukera daukagu, baita inbertsioak egiteko ere», aldarrikatu zuten.

Aurrerantzean, alderdi politiko guztiekin egoteko nahia erakutsi zuten, «txosten guztiak erakutsi eta eurekin konpartitzeko». Finean, euren eskakizuna igeldoarrenak diren baliabideak eurak kudeatzea dela argitu zuten.

Galdeketa 1994an

Itxas Aurre elkarteko kideek gogorarazi zutenez, 1994. urtean egin zen desanexioari buruzko galdeketa. Orduko hartan, igeldoarren %58,73k egin zuten prozesuan aurrera egitearen alde.

bideragarria

Udalerri bezala, Igeldo «bideragarria» izango litzatekeela ziurtatu zuten. Legeak agindu bezala, egungo zerbitzuak mantentzeko gaitasuna dutela adierazi zuten, baita inbertsioak egiteko ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo