GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega | Euskal Herriko finalak

Gasteizen eta Zizurkilen erabakiko dira txapelak

Araban gaur jokatuko da mutilen finala. Bertan, Esnaola, Lizaso, Goenaga eta Kanflanka neurtuko dira. Gipuzkoan, berriz, bihar neskena izango da, eta han izango dira Etxaburua, Astondoa eta Garin.

p036_f01_97x164.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko finalak jokatuko dira asteburu honetan. Gaur Gasteizen izango da mutilena, eta bihar, berriz, Zizurkilen jokatuko da emakumezkoena.

Gasteizko Zabalgunea parkeko Lezeako zelaietan jokatuko da gaur 18.00etan gizonezkoen finala. Bertan, orain dela bi aste jokatu zen kanporaketako lau onenak lehiatuko dira txapelaren bila. Segalari bakoitzak ordubeteko saioa egin beharko du, eta tarte horretan kilorik gehien ebakitzen dituen segalariak lortuko du garaipena.

Igor Esnaola da garaipena erdiesteko faborito nagusia. Legorretako kirolariak sekulako denboraldia egin du orain arte. Jokatu duen guztia irabazi du. Hasteko, Gipuzkoako kanporaketa eta finala bereganatu zituen, denboraldiko lehen txapela lortuz. Orkatilan zenbait arazo izan ditu, baina horiekin jokatu zuen kanporaketa ere, eta han lehenengo izan zen.

Lizaso aiarra da askoren ustez Legorretakoari aurre egin liezaiokeena. Gipuzkoako finalean Legorretakoarengandik oso gertu geratu zen, nahiz eta gero Euskal Herriko kanporaketan alde hori dezente handitu zion Esnaolak. Segalari bikaina da, eta eskarmentu handikoa ere bai.

Jexuxmari Goenaga bigarren izan zen kanporaketan, eta Esnaolak kilo eta erdi bakarrik kendu zion. Segalari oso fina da, beti belarra oso txukun ebakitzen duen horietakoa. Bera ere oso kontuan hartu beharko da. Urte batzuk egon da lehiaketetatik kanpo, eta berriro itzuli da aurten. Gipuzkoakoan ez zuen finalean sartzea lortu, baina Euskal Herrikoan ate handitik sartu da, eta ezusteren bat emateko prest agertuko da.

Jon Kanflanka izango da Gipuzkoakoa ez den segalari bakarra, ez finalean bakarrik, baita txapelketa osoan ere. Azken urte hauetan beti finaletan sartu izan da, eta beti borrokan aritzen den horietakoa da. Lan eta lan, etsitzen ez duen segalari langile horietakoa da.

Neskak

Bihar, berriz, Zizurkilen erabakiko da emakumezkoen Euskal Herriko txapela. 12.00etan hasiko da finala. Hiru segalari lehiatuko dira, eta kirolari bakoitzak 20 minutuko lana izango du. Tarte horretan kilorik gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du garaipena.

Arrate Garin da faboritoetako bat, baina lan kontuak medio, ez du nahi bezalako denboraldia egiterik izan. Eskarmentu handiko segalaria da, eta saiatuko da iaz Gipuzkoan lortu zuen txapelari eusten.

Alatzne Etxaburua da beste faboritoa. Indar askoko segalaria da, eta Garinek bezainbesteko eskarmentua izan ez arren, azken urte hauetan maila bikaina eman du. Saiatuko da Legorretakoa estutu, eta txapela buruaren gainean jartzen.

Irati Astondoa izango da Bizkaiak izango duen ordezkaria, baita final honetako segalaririk gazteena ere. Abiadurako txapelketan oso lan ona egin du, Euskal Herriko Ligan bigarren amaituz. Pabi Astondoa ezagunaren alaba da. Ez da faboritoen zerrendan agertzen, baina oso kontuan hartu beharko den segalaria da. Gainerakoei gauzak zail jarriko dizkie.

Iazko onenak ezingo du lortutakoa defendatu

Jexuxmari Ormaetxeak lortu zuen iaz Leitzan txapela, baina Orendaingoak ezingo du txapela defendatu, ez baitu finalean sartzeko txartelik lortu. Orain dela bi aste jokatu zen kanporaketan hirugarren izan zen bere multzoan, eta azkeneko saiotik kanpo geratu zen.

Finalean arituko diren lau segalarietatik Igor Esnaola bakarrik izango da finalean berria, besteek eskarmentua baitute saio hauetan. Esnaolak lehen aldiz hartu du parte, beraz normala da estreinako finala jokatzea. Goenaga, berriz, urte batzuetan txapelketa honetatik at ibili da, eta itzuli bezain azkar sartu da finalean. Lizaso eta Kanflanka iaz ere final nagusian aritu ziren. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo