GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Aurkarientzako ezer utzi gabe amaitu nahi du denboraldia Goiherrik

J.L.

Hiru txapel jantzi ostean, Erandioko Goiherri taldeak gainerakoentzako ezer ere utzi gabe amaitu nahi du aurtengo denboraldia.

Laukizen abiatuko da gaur 580 kiloko txapelketa, eta orain arte aritu diren taldeak neurtuko dira. Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B, Getxo eta Mutriku.

Orain arte ikusitakoaren arabera, oso zaila dirudi norbaitek Goiherri mendean hartzea. Erandiokoak oso indartsu agertu dira gainerako hiru mailetan, beste guztien gainetik, eta sekulako ezustea izango litzateke berdeak laugarren txapelik gabe geratzea.

Hortik atzera edozer gerta daiteke. Getxo ikusten da gainerako taldeen behetik, eta beraien helburua tiraldiren bat irabaztea izango da, denboraldia itxuroso amaitzeko.

Beraz, gauzak dauden bezala, eta aurrekoetan ikusitakoa baieztatzen baldin bada, lehen eta azken postuak badirudi seguru daudena. Tartekoa, berriz, oso orekatua izango da, eta edonork lor lezake bigarren postua. Pisu honetan, hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta amaieran punturik gehien batu dituen taldeak jantziko du txapela, gainerako pisuetan bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo