Modalitateari buruzko foroa, Gernikan
Zesta-puntaren etorkizuna Ģegituratzekoģ saiakera
Mundu mailako urte osoko zirkuitu baten beharra izan zen Gernikan bereziki eskatu zituzten gauzetako bat.
Jon ORMAZABAL
Hutsuneak hutsune eta gabeziak gabezia, zesta-punta ez dago hilik, ezta gutxiagorik ere. Horixe da atzo goizean Gernikan, bertako Jai Alai pilotalekuaren 50. urteurrenaren harira egindako eztabaida foroan atera ahal izan zuten ondoriorik garrantzitsuena. Enpresetako ordezkarien hutsune esanguratsuarekin, gainerako estamentu guztietako -profesionalak, pilotari ohiak, klubetako eta federazioetako ordezkariak, monitoreak, Lakuako arduradunak, kazetariak...- hogei lagun inguru bildu ziren Gernika Jai Alai elkarteak gonbidatuta, eta jende hori guztia bildu izana bera bada horren aldrebestua dagoen mundu honetan itxaropentsu izateko motibo.
Gainera, talde bakoitzak bere kasa egindako hausnarketak plazaratzerakoan deigarria izan zen oso, diagnostikoa egitean gehienak bat etorri zirela. Hori bai, Mikel Gondrak, pilotari ohiek egindako hausnarketa irakurtzerakoan argitu zuenez, «garai bateko eredua berpiztu nahi izatea hanka-sartze handi bat izango litzateke. Badakigu garai batean 500 lanpostu izatera iritsi ginela, baina hura ez da berriz etorriko».
Gainera, atzera begira baino, etorkizuna bermatzeko asmoarekin egindakoa izan zen atzoko saioa, eta behar nagusien artean, azken 140 urteetan eman ez den zestaren egituraketa bat behingoz garatzea da ikusten den premiazko beharrik larriena. Hala, profesional mailan bederen, beste kirol batzuetan gertatzen den eran, FIA automobilismoan, ATP tenisean edo gerturago etorrita, Arraunean ACTn gertatzen den modura, kirola arautuko duen erakunde bat sortzea proposatu zen.
Urte osoko egutegia
Baina goiz osoan erabateko adostasuna sortu zuen proposamenik izan bazen, hori urte osoa eta pilotari guztiak kontuan izango dituen egutegi bat osatu eta antolatzea izan zen.
Duela hilabete batzuk, AEBetan profesional diren pilotariak batzen dituen IJAPA erakundeak antzeko eskakizun bat luzatu zuen Atlantikoaren beste aldetik, eta atzo Imanol Lopez munduko txapelduna izan zen horren defentsa egin zuena. Egungo profesionalen izenean hitz egin zuen atzelariaren ustez, «ranking baten arabera, egungo pilotaririk onenak biltzen dituen lehiaketak behar ditugu, eta ez, orain egiten den bezala, interes batzuen arabera aukeratutako pilotariz osatutako hiru munduko txapelketa».
Gainera, egutegi moduko bat ere nahikoa aurreratua dute, urte osoan, munduan zehar zenbait txapelketa kateatzeko: Citrus, Dania, Acapulco, Donibane Lohizune, Hondarribia... «Inork gai honi heltzen ez badio, gainera, guk geuk ideia honekin aurrera egiteko asmoa dugu», azaldu zuen, ziurtasunez, IJAPAk.
Zesta zaleak izaki, denak bat etorri ziren produktu «oso salgarri bat» dutela nabarmentzerakoan, hori bai, orain arte izan ez den batasun bat izanez gero. Horixe izan da, Euskadiko Federaziorako hauteskundeetan Patxi Jauregik behin eta berriz erabilitako leloa eta palista ohia prest agertu zen mamitzen hasi den mugimendua zuzentzeko.
Eztabaidaren denborarik gehiena hartu zuen arren, arlo profesionala ez zen eguneko gai bakarra izan. Etxea teilatutik ez hasteko, behar-beharrezkoa da harrobian txikienekin lanean hastea eta Gipuzkoako Federazioak ireki zion goizari itxaropenerako leihoa. «Egoera ez da hain txarra». Hori bai, formakuntzarako metodologia ezartzen, materialaren estandarizazioan eta haurrak erakartzen, badago egiteko lan ugari.
Ranking baten arabera pilotari guztiak kontuan hartuko dituzten lehiaketak, urte eta mundu osoan zehar zabalduko direnak, guztiz beharrezkoak direla uste dute.
Baina etxeak oinarri sendoak izan ditzan, gazteenekin lan egin beharra dago. Umeak erakartzea, erakusteko metodologia zuzena garatzea eta materialaren estandarizazioa dira erronka nagusiak.