GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

20 milioi urtetik gorako ur goxoa

Bada udara izanik ere zuri-zuri jarraitzen duen lurralde bat. Bada lurralde bat, non, bere herritarrak garbitzen tematu arren, burua urdinduta mantentzen duena; bihotz gogor solidoa du, eta barnetik zeharkatzen duten makina bat urezko zainek, oraindik ere, urre zuri distiratsu eta bitxi bat azalarazten dute. Beharbada, distira hori izan zen bere lehen biztanleak erakarri zituen aitzakia, eta ondoren, sekula dastatu izan zuten urik goxoena bertan geratzera behartu zituena. Barnealdeko itsas kristalizatuak dira. Euskal Herriko gatzagak.
p045_f02.jpg

p045_f03.jpg

Amaia GARTZIA

Duela 200 milioi urte inguru gure Euskal Herriko lurrak itsasoaren azpitik azaleratu aurretik dena estaltzen zuen ozeanoak utzitako oparia dugu gatza. Lurrazalean metatu eta denboraren poderioz beste arroka jurasiko batzuek ezkutatutako gatz geruza lotsati horiek puntu zehatzetan azalarazitako eremuak dira, «barnealdeko gatzagak» izenez ezagutzen ditugunak. Lehen aldiz, euren historia komunari errotik heldu eta aldarrikatu zuten atzo, Leintz Gatzagan egin zuten Barnealdeko Gatzagen Lehen Topaketan, herri honen eta Debagoienako Mankomunitatearen lanari esker antolatua. Guztiak, gatz hori lur azpian gordeta izateagatik dira barnealdeko gatzagak. Eta ezberdintzen dituen gauza bakarra, ustiaketa era ezberdinak dira. Bi izan daitezke: meatze tekniken bidez, edo lur azpiko ur gezak gatzez osaturiko bihotz handi hori higatuta, malkotan isuri eta eraturiko gatz ura errekak lurrazalera ateratzerakoan. Gizakioi bihotz-bihotzetik negar egiterakoan ateratzen zaizkigun malko gaziak bezalaxe.

Gesaltza Añana azken talde horren barruan dago. Diapiro izenarekin ezagutzen den lurzoruan antzina metatutako gatz geruza zahar horrek bermatzen du egun gure herriko -eta munduko- punta-puntako sukaldariek horren estimu handian daukaten gatzaren ekoizpena. Diapiroa, zehazki, egitura geologikoa da, zeinetan dentsitate baxuko materialei gainean pisu handia jartzean, plastilina bailitzan, gorantz jotzen duten. Goranzko bide horretan gazteagoak diren haitzak apurtu eta azalera ateratzen da. Diapiro gehienek igeltsu eta gatz arrokekin lotura izaten dute. Arroka oso elastikoak dira, eta hainbat pisu jarrita zapaltzen direnean, puntu batean bildu eta gora jotzen dute.

Goranzko bide horretan, gune batzuetan apurtutako arrokak sortzen ditu, eta beste batzuetan igeltsu, edo kasu honetan, gatz multzoak. Gatz multzo hau da ustiatzen dena: «Tutu moduko bat da eta tutu horren goialdean ematen duen egitura zirkularra, normalean», azaldu digu gaian aditua den Xabi Murelaga EHUko geologoak. Fenomeno hau dago gatzaga gehienen atzean -edo hobeto esanda, azpian-. «Badakigu orain dela 21 milioi urte Gesaltzako diapiroa martxan zegoela», argitu du Murelagak, «21 milioi urteko arrokak apurtu dituelako».

Triasiko garaian, orain dela 240 milioi urte zegoen klima oso lehorrak ahalbidetu zuen Euskal Herri inguruan zegoen sakonera txikiko itsasoa lurrundu eta gatz metaketa handi horiek sortzea. Ondoren, gainean pilatutako beste arroka jurasikoak zein hainbat gorabehera direla medio, beheko triasikoko material plastiko horrek goranzko bidea hartu zuen, geruza berrien hainbesteko pisu hori dela-eta. Goranzko joera hori duela 21 milioi urte bukatu zen: «Gutxien-gutxienez garai horretan, orduko arrokak okertuta eta apurtuta daudelako dakigu hori», nabarmendu du Murelagak.

Gesaltza ez da horregatik berezia, baizik eta diapiroa zeharkatzen duten erreka, jatorriz, geza hauek, gatz ura (ur gazia) era naturalean eta jarraituan inolako zundaketarik gabe gatza lur gainera garraiatzen dutelako: «Ur geza horrek, lehen aipatutako tutu horietatik gorantz eginez, gatza disolbatzen du bidean, eta ur gazi bihurtuz».

Gesaltza honetako ekoizpena hain da handia, ezen eguneko 260.000 litro gatz ur sortzen duten saturazio mailatik (240 gramo litroko) gertu dagoen gatz kontzentrazioa eroaten duten Santa Engrazia, Hontana, El Pico eta Fuentearriba errekek: «Oso purua den zeozer imajinatu behar dugu, besteekin nahasketarik ez izatean, gatza gehi ura baino ez da garraiatzen», dio Murelagak, «beraz, ur gutxi baina gatz asko daukagunean, ur oso gazia izaten da emaitza». Gatza barra-barra, errekan behera. Ez da harritzekoa, beraz, Ptolomeo geografo greziar handiak Salionca izendatu zuen hiria existitu izana, egungo Gesaltzatik kilometro eskasera. Aitzitik, Leintz Gatzagan (Gipuzkoa), kontrakoa gertatzen da, ur gehiago dago gatza baino.

Gesaltzara bueltatuz, gatz ura 3 kilometro baino gehiagoko luzera hartzen duten kanaletatik bideratzen da larrainetara, terraza egituran antolatutako laukizuzen batzuetara. Bertan, eguzki izpiek berotuta, ura lurrundu eta duela milioika urte metatu zen gatza geratzen da.

120.000 metro karratu dituzte Gesaltzako gatzagek, hiruki antzeko forma bat osaturik. Gesaltzaren «urrezko aroan», 5.468 larrain izatera iritsi ziren, baina Alberto Platak, Añanako Gatz Harana Fundazioko kultura arduradunak atzoko jardunaldietan argitu zuenez, «Gesaltzak 3.800 larrainetan dauka jasangarritasun muga». Horretan ari dira fundazioan, paisaia eta gatzagak errespetatuz, antzinakoak errekuperatzen.

Benetan paraje bitxia sortzen duten gatzagen multzo hau munduko ondare izateko hautagaia da: «Unescok gure hautagaitza baloratzeko puntu garrantzitsuenetako bat da frogatuta dagoela Gesaltzak 6.500 urte baino gehiago dituela», azaldu zuen Platak. Garai horretan, baina, gatza ekoitzi, ekoizten bazen ere, beste era batera egiten zuten, nahiz eta ustiaketa bera izan. Orduko gatzaga guztietan bezala, suaren bidez lortzen zuten gatz preziatua. Sistema sinple baten bidez, gatz ura lapikotan lurrunduta: «4.000 urtez funtzionatu zuten sistema horrekin, beraz, orain daukagun paisaiak 2.000 urte inguru `bakarrik' ditu», argitu zuen Gatz Haraneko arduradunak.

Gatz hori guztia ustiatzeko sistema berria eratzearen arduradunak erromatarrak izan ziren, K. a. I. eta K. 0. V. mendeen artean lehehenengo larrain erromatarrak eraiki zirenean. Gaur egun, horien aztarnak ikus daitezke Gesaltzan. Sistema sinple baina burutsua da erromatarrek ezarri zutena. Muinoan gora dauden ur gaziko errekak ehunka kanaletatik bideratzen dituzte, uraren indarra aprobetxatuz. Kanal horiek irekidura txiki batzuk dituzte, eta bakoitza gatzgile bati dagokio. Gatz ura hartzeko bere txanda heltzen denean, gatzgileak egur baten bidez bere eremura desbideratzen du: «Zertarako aldatu 2.000 urtez ezin hobeki funtzionatu duen sistema?», aldarrikatu zuen Platak. Arrazoia.

Bitxikeria bezala, gatz zuriaren «asmakizuna» XIX. mendeko kontua dela aitortu zuen Platak. Izan ere, larrainak buztinezkoak izanik, antzina, gorrixka kolorekoa zen, eta ez zen zuritu, XIX. mendean hori aldatzeko larrainen zoruan harriak jartzerakoan.

Mingainaz gain, gorputzarekin dastatu dezakegun minerala da gatza. Gesaltzak ere eskaintzen du aukera hori, hipergazitua den kanpoko spa batean oinak eta hankak bustitzeko eta bere onurak sentitzeko. Kondairak dioenez, inguruko oin eta esku ederrenak omen zituzten Gesaltzako emakumeek. Zerbaitegatik izango zen.

Odolaren zirkulazioaren hobekuntza, larruazalaren birmineralizazioa, ehunen elastizitatea berreskuratu, eta artrosia garatzeko aukerak ekiditen ditu. Orobat, zirkulazioaren hantura gaitzetarako, tendinitis, ebakuntzen osteko zein hautsitako hezurren birrosaketarako gomendatzen dute, baita alergia edo ekzemen tratamendurako.

Gatza larruazalean itsatsita sentitzeko ez dago zertan kostaldera joan, zergatik ez barnealdeko gatz hau probatu? Gure herriak barru-barrutik, eta barra-barra, eskainitako gatza.

Emaiezu bizitasun pittin bat zure jakiei, bertako gatzak duen xarma bereziarekin

Janari kontuetan inor baino maisuago diren Pedro Subijana, Martin Berasategi, Andoni L. Aduriz, Joan Roca eta beste hainbat sukaldarik ziurtatzen dute Gesaltzako gatzaren kalitatea. Gesaltzako gatzak babesle programa bat dauka 18 Mitxelin izarrekin. Horien artean sartzen da Eneko Atxa, hiru Mitxelin izar dituen Azurmendi jatetxe bizkaitarreko arduraduna, eta berak inauguratu zuen joan den ekainean Gesaltzako gatzaren uzta. Gatz mota ezberdinak merkaturatzen ditu Gesaltzak: gatz minerala, gatz lorea edota urriagoak diren gatz-lantzak. Lehenengoak ez dauka berezitasun handirik, jakien zaporea areagotzeko daukan gaitasuna alde batera utzita. Gatz-loreak gatz puruzko lamina irregularrak dira. Ekoizpen prozesu berezi baten ondorioz, gatzak egitura kurruskaria eta xafla itxura hartzen ditu. Azkenik, Gesaltzako lantzak estalaktita fin batzuk dira, gatz haranean gatz ura garraiatzeko kanaletan modu naturalean sortzen direnak. Garai batean eraikuntza akastzat jotzen zituzten, ur gazia ekoizleen borondatearen kontra iragazten baitzen; orain, ordea, oso preziatuak dira horren ondorioz sortzen diren lantzak, batez ere oso urriak baina kalitate handikoak direlako. Banan-banan biltzen dituzte. Horrez gain, badira Arbekina Oliben edo Ardo Gatz Loreak, jakiei beste ukitu bat emateko, edo entsaladetarako Gatz Likido Minerala. A.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo