GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Arrazoiak galtzen bazaitu

Jon GARMENDIA | Idazlea

Arrazoi zuen. Ez zeukan arrazoi zati bat, ezta erdia ere, berea zen arrazoi osoa, bere-berea. Baina zertarako balio du arrazoiak? Zurea dela errateko? Zure egoa elikatu eta arrazoi emanen dizun epaile baten xerka ibiltzeko? Galderak etortzen zitzaizkion burura, behin eta berriz. Zer egin arrazoiarekin? Tamalez, gainbaloratua dagoen zerbait da arrazoia, beharbada, ezertarako balio ez duen gauza bakarretakoa izango baita. Zer egiten duzu arrazoirik eman gabe zure ondotik joan direnekin? Arrazoiarekin gelditu, baina bakarrik. Eta arrazoiz bete nahi duzun maitasunaren aitzinean? Sentimenduak ez direla arrazoitzen, hori ikasten duzu. Gainera, arrazoiren bat baldin badago zu maitatua izateko, arrazoi bera erabiliko dute beste batzuek zu gorrotatzeko. Maitatzeko beste manera bat delako gorrotoa. Eta ohetik jaiki berri, Descartes filosofoa heldu zitzaion bisitan, eta hark erran zion berdintasunez banatua dagoen gauza bakarretakoa dela arrazoia, mundu guztiak nahikoa badaukala uste baitu. Baina sukaldera gosaltzeko asmoz joan zenerako, Bergamin idazlea zeukan zain, eta hark kontatu zion arrazoia ukaiteko, memento batzuetan arrazoi hori galdu egin behar zuela. Eta bi ideia hauekin pasa zuen eguna, bere barne bideetan galdurik, ilunsentia iritsi eta Goethe poeta ikusi zuen arte. Honek, argiki erran zion bakarrik hizketan bazebilen, eta arrazoiaren bila ari bazen, gehiegirik larritu gabe lasai egoteko, seguru-seguru jakinarazi behar ziolako berant baino goizago arrazoia aurkituko zuela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo