GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Jabier Kaltzakorta irakasle eta ikertzailea euskaltzain oso izendatu dute


 
GARA | BILBO

Atzo, Euskaltzaindiak Bilbon egin zuen osoko batzarrean, Jabier Kaltzakorta aukeratu zuten euskaltzain oso. Jose Luis Lizundia euskaltzain emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, bozketa baten bitartez hartu zuten erabakia, gehiengo osoa lortu zuen Itziar Laka hautagaiaren aurrean. Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Patxi Uribarren eta Andres Urrutia euskaltzainek proposatu zuten Kaltzakortaren hautagaitza.

Jabier Kaltzakorta Elortzak (Markina, 1961) Filosofia eta Letra ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean. Euskal Filologian lizentziatu zen, 1984an. «Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa» izeneko tesia amaitzear du.

1994tik, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Euskal Filologia graduan, gai hauetan: Ahozko literatura; Euskal Literatura: XVI-XIX mendeak; Euskal hizkuntza eta hizkuntza modernoak.

96tik euskaltzain urgazle

Euskaltzain urgazlea da Kaltzakorta, 1996an izendatua. 1996az geroztik, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide da. Azkue Literatur Sarien epaimahaikoa ere bada.

2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea da, Joxemari Iriondorekin eta Pello Esnalekin batera. Labayru Ikastegiko ikertzaile, Etniker Euskalerria taldeetako eta Mendebalde Kultura Alkarteko sortzaileetakoa ere bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo