argia | Edorta Arana 2013/7/21
Komunikazio esperimentuak
(...)Adibide batera joko dut: Donostiako Bulebarrean antolatu zen lehendabiziko Aske Gunea. Herri harresia delako ekintza antierrepresiboa oso eredu interesgarria bilakatu da gertaera sozial bat komunikazio kanpaina eraginkorra nola bideratu daitekeen erakusteko. Ez diot garrantzirik kenduko fisikoki bertan gertatutakoari (espazio publikoa politikarako eremu gisa errebindikatzea, indar korrelazio berriak ikustaraztea, gazteen mobilizazio gaitasuna...) baina bereziki interesgarria iruditu zait komunikatiboki nola kudeatu den. Sareak barne zein kanporako komunikazio tresna gisa funtzionatu zuen eta biderkatzailea suertatu zen edukiak eta hauen testuinguru interpretatiboa jendarteratzerakoan.
Komunikabide tradizionalek, botere guneetatik hurbilago dauden horiek, Bulebarrean gertatzen zenari ezin izan zioten bizkarra eman eta erreakzionatu behar izan zuten. Hori bai, berandu eta makal. Ordurako, Aske Gunetik eskainitako mezuak gorpuztuak ziren argazki, bideo eta mezu idatzien bidez, biderkatuak, hizkuntzen mugak gaindituz eta eragin eremu ohikoetatik harago konplexurik gabe zabalduz.
Komunikabide berrien kudeaketa aproposean dago gakoa. Horretan abilena denak eta azkarren dabilenak markatuko du besteen bidea. Malgutasuna, freskotasuna, gaztetasuna eta frogatzeko beldur ezak sekulako garrantzia du. Ikusi da!