GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJren «ihesaldia» salatu du Bilduk Bermeon

Bermeoko Udal Gobernuak EAJko zinegotzien «arduragabekeria eta koldarkeria» salatu ditu, osoko bilkuran alde egin baitzuten «Berualaren egoera ekonomikoa konpontzeko mailegua eskatzeko» orduan. «Egindako kudeaketa txarrari aurre egiteko gai ez direla» erakutsi dutela esan du Bilduk.

p013_f02_97x92.jpg

GARA |

«Zein da Bermeoko PNVk Berualaren enbargoaren aurrean proposatzen duen irtenbidea? Mailegua eskatzen ez badugu, Beruala bukatuko da, langileak kalean geldituz eta herritarrei zor zaizkien 600.000 euroak ezin izango dira ordaindu, besteak beste». Horrela deskribatu du udal gobernuak pasa den ostiralean osoko bilkuran hartu behar zuten erabakiaren garrantzia, baita jeltzaleen jarrera kritikatu ere, «Berualaren egoera konpontzeko mailegua eskatzeko jorratzen zen puntuan osoko bilkuratik ihes egin» zutelako EAJko zinegotziek.

Kontuak eta fakturak aztertuta, Bilduk sarritan azaldu du Alde Zaharraren birgaitzea kudeatzen duen sozietate publikoak zor handia pilatu zuela aurreko legealdian EAJk burututako kudeaketaren ondorioz. Zorra 8 milioi ingurukoa da. Kredituak, hornitzaileak eta etxejabeen elkarteei eman beharreko laguntza daude ordaintzeke, eta horiei epaitegietako erabaki irmo bat gehitu behar izan diote. 3,4 milioi euroko fidantza eskatzen diote orain Udalari, San Martingo etxebizitzak legezkotzeko, hainbat urtetan epaitegien erabakiei «entzungor egin» eta gero.

Mailegua eskatzearen arrazoia nabarmendu zuen Idurre Bideguren alkateak: «Joan den legealditik datozen zorrei eta kudeaketa txar batek eragindako ondorioei» aurre egiteko premia. Ondorio horien artean, sozietateak dituen galera esanguratsuak eta San Martingo etxebizitzen epaia bete beharra aipatzen ditu udal agintariak, «kontuen bahiketa eta Berualaren egoera konkurtsala ekiditeko». Berualaren kontrako ondasunen enbargoa bideratzeko eskatu baita epaitegian uztailaren 16an, jakinarazi zutenaren arabera.

Instituzioek emandako aukera

Maileguaren eskaera, bestalde, ez da goizetik gauera hartutako erabaki bat, azaldu zutenez. Izan ere, Lakuako Gobernuarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin «hamaikatxo bilera» izan ditu udal taldeak, eta mailegua izan da emandako aukera zorrak ordaintzeko eta epaia betetzeko.

«Irtenbide hau ez da udal gobernu honen gustukoa, ez delako herriarentzat estrategikoa den proiektu bat finantzatzeko, baizik eta aurreko legealditik datozen zorrak eta eragindako kalteak ordaintzeko», argitu zuen. Alkatearen esanetan, «erantzukizunez jokatzen ari da» udal gobernua, eta «beste batzuek, ordea, EAJko zinegotziak, egoerari aurpegi eman beharrean ihes egin dute».

Bilduk kanpoko auditoria bat agindu zuen Berualaren kontuak argitzeko, eta horrek hainbat irregulartasun azalarazi zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo