GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Maitasunaren hiria

 

Ia hilabete pasa da familia eta etxea utzi nituenetik, Korsikara Tourreko irteerara joateko. Eta paraje ikaragarri ederrak igaro, eta eguraldi bikaina lagun izan dugula, hiru asteko lana bukatu eta jada iritsi gara Parisera. Paris, Tourraren amaierako hiria izateaz aparte, munduan bisitari gehien jasotzen dituen hiria ere bada. Hori gutxi balitz bezala, zikoinak haurrak bertatik ekartzen omen ditu. Baina Paris zerbaitegatik ezaguna bada, maitasunaren hiriburua izateagatik da.

Maitasunari buruz hitz egiten dugunean, bikote bati buruz hitz egiten dugula ematen du, baina, behar beste esan eta erakusten ez dugun arren, gure guraso ala familiako kideentzako izan daiteke gure maitasuna. Batzuetan nire emazteari buruz idatzi izan dut, besteetan, nire hiru deabrutxoei buruz, nire ama ere aipatu izan dut, eta gaur inoiz aipatu ez dudan aitari buruz arituko naiz.

«Informe Robinson» ikusi bazenuten, jada jakingo duzue 18 urte nituela aita galdu nuela. Arazo eta tirabira asko izan genituen arren, aitari zor diot txirrindularitzarako maitasun eta afizioa. Aitak oparitu zidan Zahor taldeko txirrindulari jantzia, eta berarekin hasi nintzen lasterketak ikusten. Akatsak ere beragandik jaso ditudan arren, bertute, izaera eta pentsamoldea ere aitarengandik datozkit.

Orain, aita galdu nuela 15 urte bete direnean, hiru ume zoragarriren aita izan, emazte mundial bat alboan eduki eta kirol mailan gauzak oso ongi doazenean, maitasunaren hirian egonda, nire aitaren memoria etortzen zait gogora.

Ziur aski, nahiz eta Chris Froomerengandik denbora dexentera izan arren, semea Parisen Tourra bukatzen ikusteak harrotasun eta satisfakzioz beteko zuen. Parisen txirrindulari bezala egotearen errudunetariko bat nire aita da, eta dagoen tokian dagoela, bizi zela behar bezain beste esan ez nion gauza bat esan nahiko nioke. Arazoak arazo, gorabeherak eta tirabiren gainetik, bere semeak ikaragarri maite izan zuela eta maitatzen duela. Horrela, maitasunaren hiri honetatik, maite dituzuen inguruko horiei, benetan sentitzen duzuena erakusteko gomendioarekin uzten zaituztet. Maitasunez eta BIZIPOZarekin bizi zaitezte. Laster arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo