GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Blues musika helduen kontua da Getxon

p052_f01.jpg

Anartz BILBAO | GETXO

Jazz jaialdi bikaina hartu ostean, Algortako Biotz Alai plazak blues doinuak hartu ditu egunotan, bertan izan baitira Getxo Blues jaialdiko zuzeneko nagusiak. Herenegun, Dana Fuchsek energia erakustaldi bikaina egin zuen.

1976an New Jerseyn (AEB) jaioa, blueserako gaztea den arren, eskarmentu handiko musikaria da jada Dana Fuchs, Broadwayko «Love, Janis» musikalean Janis Joplin antzeztu zuenetik ezaguna.

Eskote handiko atorra berde zabalaz eta unaipraka estuz jantzita, zaldian etorri izan balitz bezala gogor zapaldu zuen oholtza bere botatzarrekin; «Love to beg» -2011n plazaratu zuen diskoaren titulua- eta «Bliss Avenue» jo ditu hasteko. Azken honek ilehoriaren azken lanari izena ematen dio, uztailaren 9an argitaratu zena; bertatik hartuak jo zituen herenegun «Livin on Sunday», «How Did Things Get this Way» eta «So Hard to Move» ere.

Fuchsek Bob Fridzema ilegorria (teklatuetan), bukaera aldera bakarkako erakustaldi itzela egin zuen Walter Latupeiriss beteranoa (baxuan), Piero Perelli italiarra (baterian) eta Jon Diamond (gitarran) izan zituen ondoan -denak koletadunak, azken hau izan ezik-; boskote sendoa osatzen dute. Izarrak gitarra akustikoa hartu zuenerako, zuzenekoa erdialdean zen; ordura arte arnasarik hartu gabea zen. Mikrofonoa eskuan -komunikatzaile agertuta, gaztelaniaz ere egin zuen saiakeratxoa-, batetik bestera, aurrean zuen entzuleria ugaria -inoiz baino helduagoa begitandu zitzaigun!- berotzen saiatu zen, tarteka eztarria urratu eta tonu grabeetan.

Anaiari omenaldi txikia

Gitarrarekin anaia omendu eta bizitzari laudorioa egin nahi izan zion. Berau derrepente hiltzeak eragin zuen Dana Fuchs-ek Getxon iragarrita zuen iazko kontzertua bertan behera utzi beharra.

Gero berriro ere abiadura bizitu, eta jada nekatu samar sumatu bagenuen ere, azken txanpa beroa jo zuen, tartean «Nothing on muy Mind», «Rodeons in the Attics» eta, bukatzeko, «Long Long Game» zirela. Baina hoberena itzulerarako utzi zuen: The Beatlesen «Helter Skelter» kantatu zuen, entzuleriarekin bat eginda!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo