GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Mairua errege egin zenekoa

Kultura arabiarra eta euskalduna lotzen dituen Mairuaren alardea ospatu zuten atzo Antzuolan. Bergaratik bereizi, eta udala lortzea bermatu zien Valdejunquerako guduan, Nafarroako erregea laguntzera joan zirenekoa oroitzen da, foruen galera ere aldarrikatzen den ekitaldi hunkigarrian. Antzina mairua zena, errege da azkenaldian.
p045_F02.jpg

Amaia GARTZIA

Gora Euskal Herria eta antzuolarrei aintza! Memoria historikoz betetako diskurtsoarekin harenga egin zion atzo kapitainak Antzuolako armadari. Jaietan murgilduta, antzeko beste alardeetatik bereizten den Mairuaren alardea ospatu zuten Debagoienako herrixkan. Hala, 920. urtean Nafarroako Antso I.ak mairuen kontra egindako Valdejunquerako edo Juncadiako bataila gogoratzen dute. Eraberritze prozesu sakon bat jasan duen alardea dugu Antzuolakoa, baina, integratzailea zentzu guztietan. Izan ere, garai horietan ere lotura zeukaten kultura arabiarra eta euskalduna islatzen dira. Alarde hitzak ere, jatorri arabiarra du. Bestalde, antzina mairuaren figura erdeinuz tratatzen bazen ere, duindu egin dute antolatzaileek, eta lehen bezala turbantea lurrera bota eta zapaltzeaz urruti, errege egin dute Antzuolan. Asto batean joaten zen mairua, zaldira igo, segizioa jarri eta errege egin dute, Abderraman III.a, Kordobako kalifa bihurtuz. Euskal erresumekin lotura odolean zeraman errege musulmanak, Oneka, Eneko Haritzaren ama baitzuen amona, hau Musa Ibn Musanekin bigarren aldiz ezkontzerakoan.

Horrez gain, emakumeak aspaldidanik onartzen ditu, eta ospakizun zibila da. XIX. mendetik hona ospatzen den alardea «gaur egungo egoerara» egokitu nahi izan dute, azaldu du Xabier Legorburuk, Mairuaren alardearen kultur elkarteko presidenteak.

Balio berri horien transmisioan, besteak beste, mairuari ere kapitain maila eman diote, eta arropetan ere islatu dute buruzagitza hori: «Garrantzitsuena, halere, orain mairuari ahotsa ematea izan da», argitzen du Legorburuk.

Keinu bidez komunikatzetik, bere hizkuntzan egiten du, baita euskaraz ere, Antzuolako alardea euskara hutsean egiten baita. Orobat, konfrontazioan oinarria zeukan hitzaldia, orain laguntasunetik gertuago dago, bi buruzagien arteko bosteko adiskidetsuan amaituta. Behera egiten ari zen partaidetza ikusirik, Eusko Ikaskuntzari enkargatutako ikerketa soziologiko batean dauka jatorria alarde eraberritu honek. Batez ere, mairuaren trataerak sortutako identifikazio maila eskasa zela-eta, biziraupena bermatzeko ekin zieten aldaketa hauei, garrantzitsuenak 2009an egin zituztelarik gehienbat. Aspaldian mairua belaunikatzera eta gure aberria ez onartzerakoan ematen zitzaion erdeinu horren berri ere izan zuen Al Jazeera kate arabiar ezagunak.

Aldaketa horrez gain, eszenografia ahalik eta gehien zaintzen duen ospakizuna da. Antzuolako Zortzikoaz edota Mairuaren Martxaz gain, musika pieza berriak zein zaharrak nahasten dituzte.

Antzuolarren kultura ondare garrantzitsua izaki, 2004an Mairuaren Alardearen Kultur Elkartea sortu zen. Udal ordezkari, elkartekide eta herritar multzo bati esker ekin zitzaion alardea eraberritzeari, Alardea Zaharberritzeko Taldea eratuta.

Herri baten kultur adierazpenak inoiz ez direla estatikoak eta aldaezinak izaten deritzote kultur elkarte honetan. Garaian garaiko herritarren izaera eta borondatearekin batera eboluzionatzen doazela baizik.

Antzuola Bergarako auzo izateari utzi eta udala lortze aldera hasi zen ospatzen alarde hau. 1629. urtean erdietsi zutena. Alabaina, Antzuolaren loria berretsi behar zuen ospakizuna behar zuten herritarrek. Garaiko kronistek topatu zuten herriak behar zuen ekintza historikoa: Nafarroako Valdejunquerako edo Juncadiako 920. gudua. Antzuolarrek bertan parte hartu zutela frogatuta baitago: «Kronikan azaltzen da nola antzuolarrak berandu iritsi ziren bataila hartara, eta azkenean galdu egin zen bataila hartako garaipen txiki bat lortzen lagundu zutela», kontatzen digu Patxi Olabarriak. Aitzakia honekin ere, herriaren nortasuna azpimarratzen dute, Nafarroako erresumaren aldeko herri bezala. Izan ere, herrian kuttuna da ospakizun hau.

Foruen galera ere aldarrikatzen duen alardea da mairuarena. Izan ere, hauek galdu aurretik, euskal herrietan arma eta milizien egoera jakiteko urtero egiten ziren alardeak. Galera honekin konforme ez eta Antzuolan 1881ean hasi ziren mairuaren pertsonaiarekin berriz ospatzen.

Eguzki galdatan hasi baina euritan amaitu zuen alardea ospatu zuten atzo. Aurrena herrian barrena desfilea egin zuten armadako buruak eta Abderraman III.ak , azken honek musulmanen agur bereziarekin. Plazara iristean, alardeko buruzagiak «Segurako alborada» biribilketaren bitartez egiten du tropen azterketa.

Ondoren, Iparragirrek 1878an Antzuolari idatzitako bertsoak kantatzen dituzte, non, orduan berriki galdutako foruak direla-eta, pixka bat lehentxeago galdu zituen Nafarroarekin lotura ez galtzeko aldarrikatzen den: Laurak bat. Honen ostean, Abderraman III.a mairuen erregea dotore azaldu zen plazara, Mairuaren Martxa jotzen zuten dultzaina eta danbor hots artean.

Alardeko buruzagiak, zalditik jaisteko agindu, eta mairuaren guardiari armak uzteko agindu zion, ondoren Abderraman erregeari arkupeetan sartzeko eskatuz. Orduan izaten da alardeko unerik hunkigarriena.

Alardeko kapitainak Valdejunquerako batailan antzuolarren, errege nafarra laguntzera joandakoen, parte hartzea goraipatu, eta ondoren, alardeko eta herriko banderaren jatorriak argitu zituen.

Diskurtsoa bukatuta, buruzagiak mairua bere aurrera ekartzeko agindu zuen, gure aberria onartuko zuen galdetuz. Mairuaren mututasuna ikusirik, bigarren aldiz galdetzerakoan, mairuak bere jatorrizko hizkuntza eta euskara tartekatuta aitortu zuen, azkenik, ez zuela kontra egingo.

Antzuolako Mairuaren Martxaren doinuak nagusi, eskolta arabiarra udaletxetik irten, bere erregea agurtu eta mairua zaldira igo zen, kapitainarekin batera, eskopetariak eta kanoilariak su egiten ikusteko. Artilleriaren zalaparta eta burrunbaren ostean, bi buruzagiek euren adiskidetasuna bostekoa emanez irudikatu zuten, eta biak batera igaro ziren bi guardien artetik, udaletxeko arkupeetara.

Herri nortasuna, herritarrek belaunaldiz belaunaldi landua

Antzuolako alardean 200 pertsona inguruk parte hartzen dute. 2.000 biztanle dituen herria izanda, ez da zifra makala, kontuan harturik adin guztietako herritarrek egiten dutela bat Euskal Herrian bakarra den alarde honetan. Atzoko entseguetan, nabari zen bizilagunen arteko giro ona, guztiek elkar ezagutzearen abantaila. Denak elkarri laguntzen.

Zuzendaritza artistikoan bost urte daramatzan Balen Muñozen esanetan, aurtengoa «kontsolidazio» urtea izan da. Aldaketa handienak 2009an ezarrita, aurtengoa berritasun handirik gabekoa izan da. Izan ere, urte horretan alardea «zeharo» aldatu zen: «Kontzeptua, gidoia, eszenografia, plazako aurkezpena... asko aldatu dugu».

Bi aste lehenago bi entsegu orokorrekin hasten dira herrian hain maitatua den ekintza prestatzen. Mairua edo kapitaina bezalako paper berezia dutenek beste entsegu bat izaten dute. Adin guztietako herritarrek parte hartzen duten alardea da Antzuolakoa; seguruenik, Mairuaren segizioaren parte zen Bidart txikia izango zen guztietan gazteena, bere amaren besoetan makillatzen ari zirelarik.

Azpimarratzeko da ere euskara hutsean egiten den antzezpena izatea: buruzagiaren diskurtsoa, mairuaren hitzak (euskaraz-arabieraz), abesten diren letrak, baita kapitainak gudariei ematen dizkien aginduak ere.

Alardearen antzezpenean egin den beste aldaketa edo egokitzapenetako bat, bertako euskalkia erabiltzearena izan da. Hala, azken urteotan Antzuolako konpainiako buruzagiak bere diskurtsoan Antzuolako hizkera erabiltzen du, eta horrela mintzatu zitzaien atzo ere.

Atzokoan, beste behin ere hunkigarria izan zen alardea bizi izan zuten antzuolarrek. Bukaera apur bat ezberdina izan zen, ekintza horretan urte luzez parte hartu izan duen herritar bat ere omendu baitzuten. A.G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo