UDATE | IPAR EKHIAN
Memoriaren orografia
Ion GARMENDIA | Idazlea
Ukaezinezko edertasunez jantzia da gure herriaren orografia. Besteak oporretara datozen lurretan bizi garelako gu. Baliteke egunerokotasunak xarma horren guztiaren sentsazioa apaltzea, baina paisaiaren polita ez dugu behar adina goraipatzen, ez behintzat urruneko tokiak bezainbat, eta agian, gurera bisitari multzoak handitu ez daitezen egiten dugu hori. Hala ere, udan, eltxoak bezala heldu dira turistak Hendaiatik Angelura bitarteko kosta ertzera. Hondartza handiak eta itsas kala ttipiak bete-beteak dira goiztirian berean. Eta nik, goizero Donibane Lohizuneko ur bazterretik promenatzea maite dudan honek, inbaditzaile gisa ikusten ditut gozamenaren xerka eskubide osoz heldu diren kanpotarrak. Kontraesan bat gehiago kolkorako. Gaur, idazteko ideien bila bero saparen erdian nenbilela, aspaldi ikusi ez nuen bikote batekin egin dut topo. Besarkada goxo bat lehenik eta kortesiazko hitzei heldu diegu ondoren. Bizitzak zer berri eta halakoak.
Bueno ba, kontua da haiek ene izena emozioz oihuka erran dutela elkartu baino metro batzuk lehenago, baina nik, ez nuen haiena oroitzen. Ene begiek bazuten haienganako akordua, baina memoriak ez. Ez dira alferrik pasa urteak. Edo bai. Ez da memento goxoa izan, eta isilpean ene buruaren kontra ari nintzen biraoka. Eskerrak eguraldia bezain helduleku egokia direla gure herriko gertakari politiko-sozialak azaleko elkarrizketa bat ukaiteko, horrela bete dugu denbora, agurtu, eta desiorik onenak elkarbanatu ditugun arte. Pasarte hau idaztera heldu naiz etxera, eta hor ohartu naiz Mikel eta Arantxa zinetela.