GARA > Idatzia > Ekonomia

Aukera profesionalen bila, 350 gaztek jo dute Donostia GazteEkin jardunaldira

I.OIARZABAL | DONOSTIA

Mugimendua nagusitu zen atzo goiz-goizetik, Donostiako Kursaalen GazteEkin jardunaldian. Guztira, 350 gazte inguru bertaratu ziren Donostiako Sustapenak antolatutako ekimenera aukera profesionalen berri izateko asmoz. Bete beharreko baldintza bakarrak, langabea izatea, 30 urte baino gutxiago edukitzea eta Donostian erroldatuta egotea ziren.

Parte hartzaileen artean entzun zitekeen modu berean, ekimenera aurkeztu ziren gazteen prestakuntza maila altua nabarmendu zuen antolakuntzak. Izan ere, enplegua lortzea erronka zaila den honetan, hautagaiak gero eta kualifikatuagoak izan ohi dira. Atzo Donostian bildutako gehienek goi mailako ikasketak zituzten, curriculumetan lizentziatura eta master zerrenda luzeak pilatzen zituztenak. Gazte batek baino gehiagok aitortu zuen bezala, horrek lehia handitu zuen, nahiz eta inork ez zion lanpostu bat lortzeko itxaropenari uko egin.

Saiatzeko aukera izan zuten behintzat, jardunaldiko ekimenik garrantzitsuena izan baitzen arlo ezberdinetako sei enpresak egindako zuzeneko elkarrizketa saioa. Informatika, komunikazioa eta marketina edo ingeniaritza bezalako sektoreetan hamar lanpostu eskaini zituzten Atlas, Enea, Domain, Farsens, Ikasplay, Taklearning enpresek. Postu bakoitzerako zortzi hautagai aurkeztu ziren.

Horrez gain, aukera profesionalei eta ekintzailetzari buruzko zenbait hitzaldi eskaini ziren Kursaalen, eta nazioarteko bekei buruzko informazio gunea ere jarri zuten.

Antolatzaile zein parte hartzaileek horrelako ekimenek duten balioa nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo