UDATE
Gazte karpak, gazteen jaietako «erreferentziazko guneak», zortzi eguneko agenda dakar aurten
Gasteizko txosnagunearen baitan dagoen Gazte karpak bere egitaraua aurkeztu zuen atzo: Udalaren «jai arrotzei» aurre egingo dien programa prestatu dute. Bestalde, Santiago eguna ospatzen dute gaur Gasteizen.
Amaia GARTZIA | GASTEIZ
Gazte karpa bueltan da. Eta zortzi egunetan -abuztuaren 2tik 9ra- are zailagoa jarriko diote festazaleari erabakia hartzea, izan ere dagoeneko Aihotz plazako euskal egitarauak zein txosnetako beste guneek eta Gaztetxeak antolatutako kontzertuen artean hautatu behar ra dago. Eroen pare ibili beharko dute blusek eta neskek. Errazte aldera, gazteei bideratutako egitarauaren aurkezpena egin zuten Gazte karpako kideek. Gasteizko jaietan ugari diren jai herrikoi eta autogestionatuen beste adibide bat. «Gerrillero eguna» izendatutako lehen egunean, 2an, 23:00etan inauguratuko da karpa, eta 02:30ean Triki eta Traun musika taldeak estreinatuko du oholtza. Abuztuaren 3an, Oppium talde gazteak joko du 22:00etan aurrena, eta Egurra Ta Kittok ondoren, 03:30ean. Txupinazo egunean, abuztuaren 4an, igandean, Harresian Zulo eta Eutsik irekiko dute Gazte karpako gaueko egitaraua, 21:30ean. 03:30ean, berriz, Patrol Destroyers-ek joko du. Nabarmentzeko baina, hilaren 4an, Sorginen Egunean, bi kontzertuen arteko tartean Akelarrea egingo da, 01:30ean. Abuztuaren 5ean, astelehena, Mc Onak eta Resa Against The Machine izango dira; eta tartean, beroa ekiditeko kulero eta galtzontzilo lasterketa, 01:30ean. Hilaren 6an, Luz de Putas, Elenco, Habemus Papam eta Trikoma arituko dira. Abuztuaren 7an, Materia Gris, Boot Boys eta DJ Borda´s. Bukatzeko, abuztuaren 8an Sideburn Society eta, 9an, Feos Pero Majos eta Mossin Nagant arituko dira.
Blusa eta nesken eguna
Bestalde, aipaturiko Andre Mari Zuriaren jaietarako motorrak berotzeko izaten den Santiago eguna ospatuko dute gaur Gasteizen. Blusa eta Nesken Egunean asto karrera eta baratxuri azoka dira ekintza nagusiak.