UDATE | IPAR EKHIAN
Ez da ona Baiona
Jon GARMENDIA Idazlea
Giro eta jende zoragarria dago Baionako festetan. Baina kasu, onak ez diren gauza anitz ere badaude. Abian dira jaiak, karrikak zuri-gorriz jantzita, umorea eta irribarrea da nagusi. Nork bere arazoak egun batzuez ahantzi, eta memoriaren mapak arazo berriak marraztu ez ditzan desiratuko dugu, hala ere. Hiriburuko hiru gakoak eskainiak izan dira, zabalik daude Baionako ateak, baina gako bakarra du festak oinarrizko, errespetuarena. Iragan urteak aski gogorrak izan dira maila horretan. Bortxaketak, emakumeen kontrako irain eta gehiegikeriak, desorduetan izaniko borrokaldiak... zernahi egitea posible zen Baionan. Sare sozialetatik bisitaldi labur bat aski da, kanpotarrentzat, Lapurdiko hiriburuan festa egiteko arrazoiak zeintzuk diren ohartzeko; hots, dena dela libre, lege eta araurik gabeko anabasa. Bilakaera gaizto honek bultzaturik, Herriko Etxeak festak aitzineratu ditu oraintsu. Abuztuko lehen asteazkenarekin ematen zitzaien irekiera eskuarki, baina Frantzian oporraldiak data horietan hasten dira, eta horrek, Baionara jende multzo handiegia erakartzen zuen. Honela, uztaileko azken asteazkenarekin hastea deliberatu zen. Afixa anitz banatuak izan dira aurten «Pour que la fête soit plus belle» izenburupean, eta bost puntu ditu oinarri, atentzioa deitu didaten hiru dira hauek: Jasotzen zaituen herria errespetatu, baita ingurumena ere, eta jokabide bortitz eta sexista oro baztertu. Festa, nola ez egin erraten dute. Ongi. Nola egin jakiteko aski helduak behar genukeelako. Baina batez ere, halakorik, urte guztian ez dela egin behar jakiteko.