GARA > Idatzia > Euskal Herria

Altsasuko eskolarako diru laguntzak handitzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Altsasuko Udalak, Zelandi eskolak eta guraso elkarteak azaldu dutenez, hobekuntzak egiteko diru laguntzak Nafarroako Gobernuaren ardura eta betebeharra dira, eta «inondik inora ere ez» udal eta kontzejuena.
p014_f02.jpg

GARA | ALTSASU

Elkarrekin egindako agerraldi batean, Altsasuko Udalak, Zelandi eskola publikoak eta bertako guraso elkarteak Nafarroako Gobernuari exijitu zioten diru laguntzen deialdiko diru zenbatekoak handitzeko, eskola eraikinetan beharrezkoak diren inbertsioak egin ahal izateko.

Altsasuri behin-behinean bideratutako kopurua 6.456,92 eurokoa dela adierazi zuten, nahiz eta urgentziazko eskari bat egin zuten teilatua iragazgaitz jartzeko eta perimetroa ixteko, guztia 60.000 euroko kostuarekin. «Zortea alde dugula pentsatuko duenik egongo da; izan ere, eskatu diren 117 diru laguntzen artean zerbait jasoko duten 19 udalerrien artean baikaude. Egoera okerragoan ikasi dutenak badirela pentsatuko duenik ere egongo da, eta horregatik ikasleek ez dutela inongo traumarik eduki. Baina horrek benetako arazoa alboratzea baino ez dakar», argitu zuten.

Nabarmendu zutenez, Zelandi eskolak premia larria du bertan inbertsioak egiteko, Nafarroako beste hainbat eskolak bezala. Oroitu zutenez, eskaerak 2.470.245,55 eurokoak dira, eta horri erantzuteko 400.000 euro emango ditu Gobernuak, hau da, %16. Ohartarazi zutenez, Udalak hori adabakiekin estaltzea ez da konponbidea, kalteei modu prekarioan erantzutea baino.

Zelandik inbertsioa behar du

Udalak, Zelandi eskola publikoak eta bertako guraso elkarteak uste dute hau, agian, lehenagotik datorren soka luze baten azken muturra dela: «Zelandik inbertsioa behar du, eta ez dugu ahaztu behar haur eskola barrakoietan dagoela behin-behinean, eta erortzear dagoen eraikin bat dugula. Horrela jarraituz gero, aurreikusten zen haur eskola proiektua ez da behin ere gauzatuko». Argitu zutenez, hezkuntzako inbertsioak Nafarroako Gobernuaren eskumena dira, ez Udalena.

Gogoratu zutenez, egun bizi dugun krisi ekonomikoaz harago, kontuan hartzekoa da hezkuntzan inbertitzeak onurak dakartzala (baita ekonomikoak ere) epe ertain-luzera; ez soilik norbanakoarentzat, baita oro har gizartearentzat ere. Aldiz, salatu zutenez, 2011z geroztik 1.000 irakasle inguru galdu dira Nafarroako irakaskuntza publikoan. Irakasle bakoitzaren ardurapeko ikasle kopurua handitu dute eta lanorduak luzatu. Horretaz gain, ikastetxe publikoetara bideratutako diru kopurua %30 inguru murriztu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo