GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Soraluzeko jaiak

Desafioan trebetasuna neurtzen

Traketsenek estualdia igaro zuten atzo, Soraluzeko jaien txupinazo aurretik bertako eta Oñatiko gazteek jokatu zuten desafioan: lokotx bilketa bezalako joko herrikoiak zailduz, begiak itxita edo balleta dantzatzen aurre egin behar izan zieten proba ezberdinei. Bi fasetan gauzatu zen, goizean, Oñati gailendu zen probetan, eta arratsaldean, «Plaentxia» bertsotan.

p054_f02.jpg

Amaia GARTZIA | GASTEIZ

Txupinazoaren atariko orduen urduritasuna deskargatzeko formula aurkitu dute Soraluzen. Atzo hasi ziren jaiak, 20.00etako txupinazoarekin. Aurretik, ordea, bertako gazteak Oñatikoekin lehian jarri zituen desafioa jokatu zuten goizeko 11.00etan. Betiko herri jokoei gehitutako zailtasun puntu batzuekin egin zuten txapelketa Soraluzen, lokotx bilketa begiak itxita zituztelarik, atzeraka edota balleta dantzatzen. Oliba jaurtiketa, txapel jaurtiketa edota jinkana, izan ziren beste proba batzuk.

Beste askotan horrela ez den arren, Oñatirekin lehiatzeko erabakia, inguruko gazteen arteko harremana sendotzeko helburuarekin hartu da, eta ez bi herrien arteko «etsaitasunarengatik» norgehiagokan: «Giro ona nagusi izan da», antolatzaileek ziurtatu dutenez.

Orain arte ospatu izan duten Gazte Eguneko jardueretan beherantz joan den parte hartzea dela-eta erabaki dute aurten desafioa antolatzea: «Pikearekin edo jende gehiago animatuko zela pentsatuta egin dugu», azaldu dute Pil-pilean euskara elkartekoek. Bai ondo pentsatuta ere, «giro ona» nagusi izan baita desafioan zehar: «Jende dezentek parte hartu du eta ikustera ere jende asko hurbildu da». Haatik, dena «ondo» ateratzea zaila da, eta Soraluzeko jaiak izan arren, kanpoko taldea, oñatiarrak, nagusitu ziren atzoko desafioaren goizeko fasean. Izan ere, arratsaldean errebantxa hartzeko aukera izan zuten plaentxiarrek.

«Mens sana in corpore sano» dio esaerak, eta buruari eragiteko desafioa ere izan zen atzokoa, bazkalosteko bertsoekin. Honetan, Soraluzeko bertsolariak garaile atera ziren. Ondoren, aldarrikapen kalejira batekin kalez kale eraman zituzten bertako gazteek euren eskaerak. Hor ere, jokoak medio, elkarlana sustatzeko aukera izan zuten.

Txupinazoan, beste behin, gazteak izan ziren protagonista, zabaldu berri den Gazte Txokoko arrakasta ikusirik, 12-16 urte arteko gazteak izan baitziren txupina botatzen arduradunak. Honen ostean, 20.15ean zabaldu zuten Herrira gunea.

Horrelako egitarauarekin batek daki nola esnatu diren Soraluzeko mens asko lehenengo egunaren biharamun honetan. Gaur ere, egun luzea dute aurretik Soraluzen. Atzokoa gazteena izan bazen, gaurkoa herri bazkaria izango da, 15.00etan. 17.00etan mus eta tute txapelketa Galipotean. 18.00etan, «Arkakusoaren zirkua» haur ikuskizuna eta 20.00etan txorizoa eta hirugiharra eskainiko dute institutuko ikasleek kontzejupean. Jarraian, danborrada izango da 23.00etan. Eguna bukatzeko, Gozo-gozo taldearen emanaldia izango da.

Biharko, bakailao lehiaketa prestatu dute, 11.30ean. Soraluzeko txistulariek eta Arrasateko gaiteroek alaituko dute goiza, Herrirak antolaturiko elkartasun bazkarira arte. Dantzarien kalejira egongo da 19.30ean eta gauean rapak eta erromeria doinuek hartuko dute Gaztetxea, Goienetxe Anaiak eta Fun and Go taldeekin. Bestetik, txosnetan Adabegi arituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo