GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Udaberri debekatuak

Txomin Peillenek «Aldjezairia askatuta» berrargitaratu berrian gogorarazten duenez, 1944an, Brazzavilleko Konferentzian, De Gaullek autonomia agindu zien Frantziako koloniei, «baldin Frantzia librean jarraitzen bazuten», eta haietako askok «larrua eman zuten» nazien aurka. Parisko Legebiltzarrak, ordea, atzera bota zuen Aljeriaren autonomia proiektua, ezkerrak eta eskuin muturrak haren aurka bozkatu baitzuten. Haren ondorioz, Aljerian istilu larriak izan ziren, eta De Gaullek, «terrorismoa» amaitzeko, sarraski itzela egin zuen. Luze gabe, Aljeriako askapen gerra hasiko zen.

1981ean, François Mitterrand presidente sozialistak euskal departamendua agindu zuen, baina promes hark ad calendas graecas itxaron beharko zuen. Azkenaldion Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa lortzeko saioak inoizko sostengurik handiena bildu du, herritarren, hautetsien eta erakunde politiko eta sozial gehienen aldarri izateraino, baina Parisko Legebiltzarrak atzera bota zuen proposamena eta Gobernuak ateak itxi dio Ipar Euskal Herriaren ezagutza instituzionalari. Kontua ez da Aljeriarekiko analogiarik bilatzea, jakina, baizik eta ezker -pour ainsi dire- frantziarraren jarrera jakobinoak bere horretan dirauela nabarmentzea.

«Aldjezairia askatuta» liburuaren berrargitalpenean, epilogo bat erantsi du Peillenek, non aljeriar iraultzaren nondik norakoaz diharduen, eta gaur egun herrialde arabiarretan errepikatzen den fenomenoa nabarmentzen du: 1988ko berbereen eta gazteen matxinadak integristek kapitalizatu zituzten. Ondoren gertatu zena jakina da, musulmanek hauteskundeak irabazi zituzten, baina garaipen hura ez zen ezagutua izan eta gerra piztu zen.

Hogeitaka urte geroago, Egiptoko «udaberriak» musulmanen garaipena ekarri zuen, baina ikusita dago udaberria ez dela musulmanentzat. Eta ezkerrak begi onez ikusten du hala izatea, bere gabezien errudunak musulmanak balira bezala.

Ez ditut batere gogoko mugimendu musulmanak, baina are gutxiago beste erlijioetako mugimenduak onartu eta musulmanak debekatzen dituen demokrazia, boterean bestelako integrismoak onartzen dituena.

Joan den astean, Adly Mansur presidente egiptoarrak esan zuen batzuek herrialdea «ezezagunera» eraman nahi dutela. Baliteke. Berak, berriz, ezagunera, ezagun negargarrira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo