GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marta Agirrezabala Zubillaga, Josu Astrain Azkona | Altzo

Eskola txikiak: geurea garatuz, geurean oinarrituta

Eskola txikiek egun bizirik irauteko duten zailtasunaren gainetik, gakoa aurrera eramaten duten ereduan dagoela esango genuke

Haurrek eta irakasleak oporrak hartu berri dituzten honetan une aproposa da ikasturteko balorazioa egiteko eta merezitako atsedena hartzeko. Gure alaba zaharrenak Lehen Hezkuntza bukatu du aurten eta guretzat ere, guraso bezala, parada polita da 3 urterekin eskolaratu genuenetik 12 urte bete arte egin duen ibilbideari errepaso bat egiteko.

Hasteko esan behar dut, eskola txiki batean eman dituela HH eta LH, Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolan, hain zuzen ere, eta eskola txiki batean eskolaratzen denetik 12 urtera arte bertan izateak bere heziketan garrantzi handia du guretzat, ez eskola txiki bat delako, eskola txikiek aurrera eramaten duten hezkuntza eredua eta proiektuagatik baizik; haurrik ez genuenean ere asko erakartzen gintuen eskola txikien proiektuak sakonean ezagutu ez arren; orain, ordea, gure alabak eskolaratu genituenetik esan dezakegu egin geniezaiekeen oparirik onena izan dela.

Eskola txikiek egun bizirik irauteko duten zailtasunaren gainetik, gakoa aurrera eramaten duten ereduan dagoela esango genuke. «Konstruktibismoan» oinarritutzen duten irakas eta ikas ereduan, bertan elkarreragina eta kooperazioa era naturalean sustatzen dira, herriaren nortasuna eta kulturan oinarritutako heziketa bultzatzen da, naturarekin harreman zuzena du eta irakasle, ikasle eta gurasoen arteko harremana estua da.

Lekuan lekuko eskola txikiek izango dute beren berezitasuna, baina oinarrian eredu horri jarraitzen diote eta hori suertatu zaigu benetan aberatsa.

Jakin badakigu, ordea, haizeak beste norabide batzuetan jotzen duela eta Iberiar penintsula erdialdetik beste hezkuntza lege bat ezarri nahi digutela, zeinetan orain arte aipatu dugunaren kontrako norabidea markatu nahi duten. Hezkuntzaren Lege Erreforma horrek Eskola txikien aipamenik ere ez du egiten, Hezkuntza komunitatearen iritzia albo batera utzi nahi du, hezkuntza sistema ekonomia eta lehiakortasunean indartzeko tresna gisa erabili nahi du. Wert-en lege erreformaren aurrean hezkuntza komunitate osoari, orain arte egin den bezalaxe, ez kikiltzeko deia egin nahi diogu, aurre eginez, geurea garatuz eta eskola txikien oinarriei helduz, hezkuntza kooperatiboa bultzatuz, ez lehiakorra, haurrek elkarbizitzen ikastea eraginez, jakintzak eta gaitasunak bereganatuz eta ez lehiatuz.

Legea bat izan edo bestea (nahiz eta baduen garrantzia, asko mugatzen baitu) gela barruan umeekin egiten den lana da, ordea, garrantzitsua eta horren adierazle dira urte guztiotan haurrekin Altzoko Imaz Bertsolaria Eskolan landu dituzuen balioak eta aurrera eraman dituzuen proiektuak; ezin ditut denak aipatu, halere, azken bi urteotan Arnold Stern-en filosofian oinarritutako Arte tailerra eta aurtengo ikasturtean burututako Zine tailerrak aipamen berezia merezi dute. Zorionak, beraz, ikasle eta irakasleoi bereziki (egungoak zein aurrekoak) eta eskola komunitate osoari, merezitako oporrak dituzue/ditugu. Datorren ikasturtean berriro elkarren berri izango dugu. Zorionak bihotzez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo