UEU egoera delikatuan dagoenez, are pozago hartu ditu emaitza onak
Udako ikastaroak amaitu berri, balorazio «positiboa» egiten du UEUk, egoera zailaren aurrean jendearen parte-hartzea eta lanerako gogoa oso handia izan delako. Ia 500 matrikulazio izan dituzte, iaz baino %21 gehiago, eta «sekulakoa» izan da hori. Eskainitako 41 kurtsoetatik 30ek egin dute aitzinera eta guztien artean 500 ikasle eta 120 irakasle bildu dira. «Ikasleak ere gustura geratu direla dirudi. Oso datu onak dira eta oso pozik gaude», adierazi dute.
GARA | DONOSTIA
Eibarretik eta Baionatik igaroz Iruñean bukatu dira UEUren udako ikastaroak, eta aurreneko balorazioa ona da, Irati Iciar antolatzailearen arabera. Orokorrean, ikastaldi arrakastatsua izan da aurtengoa. 40+1 ikastaldia planteatu zutenean, bi ideia zituztela azaldu du Iciarrek: «Bat, UEUren errekonozimendu kanpainarekin jarraitzea. Iaz diru laguntza galtzean udako ikastaroak erabili genituen errekonozimendua lantzeko 40. urteurrena aprobetxatuz. UEUrentzat kanpaina garrantzitsu bat izan zen. Aurten erakutsi nahi genuen krisian jarraitzen dugula, egoera delikatuan gaudela, eta horregatik erabili dugu 40+1 ideia, oraindik lanean jardun behar dugulako egoerari buelta emateko. UEUk lanean jarraitu behar du, beharrezkoa delako. Bigarren ideia, gure oinarri soziala berpiztea eta auzolanaren bitartez UEUren beharrezkotasun hori lantzen joatea da».
Beharrezkoa zergatik? Antolatzaileak argi du: «Euskal gizarteari zuzendutako goi mailako formazioa, unibertsitate mailako testu-materialak eta IKT proiektuak ekoizten dituelako, aditu euskaldunen topagunea delako, proiektu berrien mintegia, Euskal Unibertsitatearen bihotza eta, azken finean, euskara eta unibertsitatea uztartzen dituen proiektu soziala».
Izaera soziala indartu
Ikastaroak UEUko sailek eta bazkideek antolatu dituzte eta asko eskertzen diete denei, «UEUren orbitan» daudenei edota urtean zehar edo urteetan zehar profesionalki unibertsitate honekin lanean jardun dutenei bezala. Izaera soziala indartu nahi izan dute, ezaugarri garrantzitsuenetako bat.
Urtarrilean hasi ziren ikastaroak antolatzen, baina matrikulazioak dira ikastaldi bat baldintzatzen dutenak eta garrantzi handia du bazkideen bitartez egiten duten zabalkundeak. Azken urteetan konturatu dira ahoz aho egiten den publizitatea dela garrantzitsuena.
Iaz diru laguntza galtzean udako ikastaroak erabili zituzten errekonozimendua lantzeko, 40. urteurrena aprobetxatuz. Aurten erakutsi nahi izan dute krisian segitzen dutela, hortik «40+1» izena.
Martxotik martxan dute #NiereUEU kanpaina, euskal gizartearentzat beharrezkoa dela transmititzeko, besteak beste, «euskara eta unibertsitatea uztartzen dituen proiektu soziala delako».