Urtzi Mendizabal Biologoa, Besaide Mendizale Elkartea
Udalatx, zergatik ez?
Zergatik ez da Udalatxeko «Interes Naturalistikodun Eremua» «Interes Komunitarioko Gune» izendatzeko proposatzen, beste guztiak bezala? Legea betetzea, besterik ez da eskatzen
2012ko urriaren 16a egun garrantzitsua izan da hainbat euskal ekosistema naturalentzat. Egun horretan Euskal Gobernuko Kontseiluak adostu du Europako Natura 2000ko «Kontserbazio Bereziko Eremu» izendatzea Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 14 ibai eta itsasadar, eta 5 mendi eta naturgune. Kontserbazio Bereziko Eremuaren figura praktikara eramatea posible egiten duten araudi legalak hasi dira azaltzen: 2012ko 217, 218, 219 eta 220 dekretuak, Arno, Ernio-Gazume, Pagoeta eta Izarraitz babestera zuzenduak. Eremu hauetan babes-neurri zehatzak ezarriko dira, horrela beraien natura babestu eta berreskuratzeko bidean aurrerapauso esanguratsua ematen delarik, aipaturiko dekretuen aterkipean. Euskal ekosistema natural hauek aitzindariak eta lehenak izan dira, Kontserbazio Bereziko Eremu gisa deklaratzeko itxaron zerrendan dauden 52 Interes Komunitarioko Guneren artean.
Aldi berean, biodibertsitate, balio faunistiko, botaniko, geologiko, kultural eta ekosistema naturalen zerbitzuen aldetik, aipaturiko Arno, Ernio-Gazume eta Izarraitz mendien oso antzekoa den beste euskal mendi bat babesteko ezinbesteko beharra dakarkigu burura: Udalatx.
Izan ere, Euskal Lurralde Antolamenduko Legearen Lurralde Antolamenduko Zuzentarauen eraginez, Eusko Jaurlaritzak Udalatx ingurunea, Izarraitz, Arno, Ernio-Gazume, eta beste 47 naturgune, «Interes Naturalistikodun Eremu» izendatu zituen.
2003ko ekainaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak, Interes Naturalistikodun Eremu gehienak aipaturiko Interes Komunitarioko Gune izendatzeko proposatu zituen Europar Batasunera, eta azken honek onartu. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez zuen Udalatx Interes Naturalistikodun Eremua proposatu, eta ordutik, babesik gabe jarraitzen du.
Europar 92/43 habitaten gaineko eta 2009/147 hegaztien gaineko zuzentarauen arabera, ordea, Udalatx inguruneak Interes Komunitarioko Gune izendatua izateko baldintza guztiak betetzen ditu: 92/43 Habitat Zuzentarauak 3. artikuluan adierazten duenez, «Natura 2000 izeneko sare ekologikoa sortzen da, kontserbaziorako eremu bereziengatik osatua. Sare honek bere barnean hartzen ditu I. Eranskinean agertzen diren habitat naturalak eta II. Eranskinean agertzen diren animalia edo landare espezieen habitatak».
Besaide Elkartearen kolaborazioarekin, R. Aguirrebeña eta U. Mendizabal biologoek Arrasateko Udalarentzat egindako «Arrasateko Habitat naturalak» ikerketaren eta ondorengo azterketen arabera, esandako I. Eranskinean dauden europar garrantziko 10 habitat natural daude Udalatx ingurunean, Arrasateko Hiri Antolamenduko Egitamu Orokorra berraztertzeko Ingurumen Jasangarritasun Txostenak jasotzen dituelarik 2011n: Artadia (9340 kodearekin), Gaztainadia (9260), txilardi lehor europarra (4030), txilardi oromediterranear endemi- koak otaberarekin (4090), belardi lehor erdinaturalak kareharrizko lurzoruan (6210), belar-moztu altuera baxuko larre txiroa (6510), kareharri harkaitz landaredia (8210), hartxingadiak (8130), orkideadun belardi menditarra (6210*), eta espezie ugariko belardiak Nardusekin (6230*). Azken bi hauek, gainera, europar lehentasunezko garrantzia duten habitatak direlarik. Eta Ingurumen Jasangarritasun Txostenean jasota egon ez arren, baita europar lehentasunezko garrantzia duen Haltzadia (*91 E0) ere.
Udalatx Interes Naturalistikodun Eremuan daude ere, Habitat Zuzentarauaren II. Eranskineko espezieak: Kobazuloetako saguzarra (Miniopterus schreibersii), eta Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberi) banaketa nagusiko eremua. Saizuriaren (Neophron percnopterus) puntu kritikoa eta sai arrea (Gyps fulvus), bi hauek bizi diren eremuan «kontserbazio bereziko neurriak» ezarriko direlarik, Europako 2009/147 Hegaztien Zuzentarauaren 4. artikuluaren arabera. Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoaren arabera, 10 espezieen presentzia nabarmentzen dira, faunako 5 eta florako beste 5, Gipuzkoan bakarra den abaritza (Quercus coccifera) populazioa barne. Hauetariko 8 «Interes Berezikoak» eta 2 «Zaurigarri» gisa katalogatuta (kobazuloetako saguzarra eta saizuria). Gaineratu behar zaielarik Udala inguruan ikusia izan den lepitzulia (Jynx Torquilla), «Interes Berezikoa» hauxe, eta banaketa eremu nagusia duten uhandre alpetarra (Triturus alpestris), eta baso-igel iberiarra (Rana iberica).
Kontuan hartu behar da ere ekosistemen zerbitzuen aldetik, Udalatx Interes Naturalistikodun Eremuko ekosistema naturalek aldaketa klimatikoa mantsotzeko duten funtzioagatik, eta sortzen duten lur, eta bereziki kalitatezko aire eta urarengatik (akuifero garrantzitsua osatzen dute), bai eskualdeko eta bai eskualdetik kanpoko biztanleen ingurumen osasunerako duten garrantzi estrategikoa. Argi dago Udalatxeko Interes Naturalistikodun Eremuak, Ernio-Gazume, Izarraitz edo Arnorena bezala, Natura 2000 mailako balioa duela. Guzti honen aurrean, ezinbesteko galdera sortzen da, bereziki Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde, Plangintza eta Nekazaritza Sailari: zergatik ez da Udalatxeko «Interes Naturalistikodun Eremua» «Interes Komunitarioko Gune» izendatzeko proposatzen, beste guztiak bezala? Legea betetzea, besterik ez da eskatzen.
Oso garbi dago ere, Arrasateko Udalak 2012ko urrian Udalbatzan onartutako «Biodibertsitatearen Aldeko Manifestua»-ren arabera, udalerrian biodibertsitatearen galera gelditzeko beharra. Horretarako, balio naturala non dagoen zehatz-mehatz jakin behar da, kudeaketa egoki batera begira. Eta horretarako, ezinbestekoa da Udalatxeko Interes Naturalistikodun Eremuan ikerketa berri gehiago burutzea, bereziki biodibertsitate eta ekosistemen zerbitzuen aldetik.
Gure ingurumen osasuna dago jokoan, eta horrekin batera, gure ongizatea ere bai.