GARA > Idatzia > Euskal Herria

EH Bai-ren ustez, Nafarroa Behereko herri elkargoen osaketa adostu egin behar da

Herri elkargoen inguruko eztabaidaren harira, bere gogoeta plazaratu du EH Baik. Alta, «barnealdeak bere ahotsa ukan dezan» etorkizuneko perspektibez ere hausnarketa gizarteari eta hautetsiei hedatzea nahi du.

p013_f02_3.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Azken hilabeteotan asko hitz egin da Nafarroa Behereko herri elkargoen geroaz, batik bat, tokiko erakundeen erreformaren harira gerta litekeen fusioaz.

EH Baik Donapaleun plazaratu berri duen gogoetaren arabera, etorkizuneko osaketa adostea da garrantzitsuena, eta horretarako, eztabaida «lasaitasunez, era partekatuan eta erakargarrian» egin beharko litzateke. Koalizioaren iritziz, baldintza horiek egun betetzen ez diren adierazle da prefetak berak duela aste batzuk Herri Elkargoen Maparen proposamena atzeratu izana.

2014ko herriko etxeetako bozetan hautatuak suertatuko direnek heldu beharko diote horren inguruan landu behar diren hainbat gairi: egituraren gobernatzeko era, errepresentatibitate politikoa, eremu geografikoa, eskumenak...

Iholdi-Oztibarre

Hala ere, epe laburrean Iholdi-Oztibarre herri elkargoaren egoera mahai gainean jarri behar dela deritzo EH Baik. Izan ere, herri elkargo horren «bizigarritasun ekonomikoa» kinka larrian dago. «Baliabide ekonomikoen eskasiagatik ezin du proiektu zehatzik gauzatu, esaterako, hainbeste behar den mediku-gunea», adierazi du Anita Lopepe, koalizioaren bozeramaileak.

Hori kontuan hartuta, bi aukera planteatzen ditu: Herri elkargo bakar bat sortu egun Nafarroa Beherean dauden hirurekin (Iholdi-Oztibarre, Amikuze, Garazi-Baigorri); edota bitan utzi, Iholdi-Oztibarreko biztanleei galdetuta zeini lotuak izan nahi duten.

Bakarra edo bi izan, «aldez aurretik finkatutako gutxieneko printzipioak» bete beharko lituzkete aipatu egiturek: herri eta eskualde guztiei zerbitzuak bermatze aldera, deszentralizatuak izatea; lan batzordeetan antolatuta funtzionatzea, makro-egitura horrek ibilmolde malgua izan dezan eta hautetsiek parte hartu ahal izan dezaten; zuzendaritza herri guztien ordezkariekin eta eskualdeen arteko oreka errespetatuz osatzea; eta, proportzionaltasuna kontuan hartuta, lurraldean diren sentsibilitate politiko desberdinak ordezkatuak izatea.

Barnealdea babestu

Bide horretan, oinarrizko arau batzuk aurreratu ditu EH Baik, demokrazia parte-hartzailearen irizpideak aintzat hartuta. Herritarrek hautetsien proiektu eta erabakien berri izan dezaten, «informazio gardena» izatea, eta halaber, egitura horietan aniztasun politikoa irudikatzea eta jendarte zibilaren parte-hartzea bermatzea.

Herri elkargoen geroaz harago, Nafarroa Behereko eta Zuberoako eremu mailan hausnarketa eta proiektu bateratu bat egitea ezinbestekotzat jo du EH Baik. «Barnealdeko bi lurralde horien erronkak ikusita eta kostaldearekin alderatuta gertatzen den desorekari aurre egiteko, tresna komun bat osatzea» proposatzen du, planifikazio estrategikoak eta ikuspegi global batetik lurralde antolaketa egokia finkatzeko.

EZTABAIDA

Hautetsiek ez ezik, herritarrek ere etorkizuneko egituren antolaketan zeresana badutela uste du EH Baik. Horregatik, eztabaida sustatzeko asmoz, plazaratu du bere jarrera.

TXOSTENA

Barnealdeko egoeraren analisia eta erronkak jasotzen ditu EH Bairen txostenak. Herri elkargoen gaiaz harago, Lurralde Elkargo Berezia da, bere ustez, aukera egokiena Ipar Euskal Herriarentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo