GARA > Idatzia > Iritzia> Editoriala

Galiziaren mina, Euskal Herriarena

Uztaila, jakina den legez, opor garaia da, festa giroarena, bidaiatzeko sasoia, eta Galizian bere egun handiaren ospakizuna dakar altzoan. Aurtengoan, baina, A Grandeira-ko errebueltan herio agertu, eta oraingoz, Santiagora zihoan treneko laurogei bidaiariren bizitza hartu eta ehundik gora zauritu -egoera kritikoan asko- ekarri ditu. Tragediaren tamainak hitzik gabe, sentimenduak oilo-larru, erantzunik gabeko galdera sorta uzten du. Zer esan daiteke zorigaitzaren aurrean? Nola kontsolatu hildakoen senide eta lagunak? Nahita ere ez daude bihotz urratu horiek arintzeko hitzak. Patuaren indarrak, berriz ere, beste behin ere, pertsona errealitate latz baten aurrean kokatzen du, hots, bere hauskortasun saihetsezinarekin parez pare.

Dena den, lasaitasunez baina erabakitasunez, gertatu dena zehatz-mehatz ikertu beharko da, akats teknikoa ala giza akatsa, ala biak izan diren jakiteko. Tragedia honek irakaspenak utz ditzan, ahal den neurrian hildakoek beste bidaiari batzuen bizitzak salbatu ditzaten. Orain, baina, bizitza ordezkaezinen galera deitoratzeko unea da, tragediak Galiziako herria eta auzoko ditugun herritarrak hain latz kolpatzen dituenean, Euskal Herria ere ukitzen, eta hunkitzen, duela aitortzeko denbora. Doluz jantzi den Galiziaren mina Euskal Herriarena ere badela adieraztekoa. Elkartasunez eta samurtasunez.

Ez da tragediaren segak Galizia harrapatu duen lehen aldia. Orain trenbidean bezala, lehenago itsasoan ere azaldu izan da. Halakoetan herri galiziarrak erakutsi izan du saiatua eta portaera estoikoa duela. Hondamendiaren aurrean batasunean indartzen badaki, bere izatean sakon sustraituta dago hori. Eta besteetan erakutsi bezala, oraingo honetan ere elkarrekin lan egiten jakingo dute biktimen minak arintzeko eta zauri kolektiboa sendatzeko. Matsuo Basho poeta japoniarrak hamazazpigarren mendeko haiku batean esan zuen bezala, bizitzaren gorabeherak, tristeak, banbu kimu emankor bilakatzen direlako. Hala bedi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo