GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Olatzagutiko jaiak

Olatzagutia, jai parekideen alde

Gurutze Rodriguez alkateak piztu zuen suziria, ongizate eta berdintasun taldearekin lan egiten duen emakume multzoaren izenean. Bertan lanean aritu diren beste emakume batzuek ere parte hartu zuten txupinazoan, ondorengo suziriei su emanez.

p053_f03_100x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | OLATZAGUTIA

Santiago eguna, eguerdia, eta Olatzagutia asteburu luze baterako prest. Kultur etxetik, jai parekide batzuen alde egin zuen Gurutze Rodriguezek, herritarrei jai zoriontsu batzuk igarotzeko gonbita luzatuz.

Alkatea herrikide, lagun eta senidez inguratuta egon zen une oro. Uztailaren hasieran, Auzitegi Nazional espainolak bere aurkako ikerketa abiarazi duela jakinarazi zioten, «terrorismoa goratzea» egotzita, GALek 1984. urtean hildako Angel Gurmindo Lizarraga herritarraren argazki bat udaletxean jartzeagatik. Alderdikideek ere alkatearekin egon nahi izan zuten, eta han izan ziren, besteak beste, Bakartxo Ruiz eta Koldo Castañeda gertutik babesa emanez.

Modu honetan, jaiei hasiera eman zitzaien, txupinazoarekin batera musikak kaleak hartzen zituen bitartean. Txarangak kalejira gidatu zuen, haurrek erraldoi eta buruhandiekin jolasten zuten aldi berean. Txikienek, aurten jaiotakoek, herriko zapi gorria ere jaso zuten, ohitura den legez.

Egun osoko egitaraua eta adin guztietako herritarrentzat jarduerak izan ziren atzo Olatzagutian. Esaterako, eguerdian, Maisuenea gaztetxeak antolatutako futbito txapelketako finala izan zen, bazkaldu aurretik gosea egiteko ezin hobea. Arratsaldean, txiki eta ez hain txikiek, Txan magoarekin gozatu ahal izan zuten Sarasate plazan, eta gauera begira, ordu luzetan festan ibiltzeko aukera ere ez zen falta.

Eta festak igandera bitarte ez du etenik izanen. Gaur, egitarauak haurrentzako egun borobila aurkezten du. Goizean goizetik, jolas parkea prest egonen da, gaztelu puzgarri, zezen mekaniko eta apar festarekin. Erraldoi eta buruhandiak ere, kalean ibiliko dira, eta eguerdirako haur bazkaria prestatuko dute Sutegi plazan. Jolas parkeak arratsaldean ere jarraipena izanen du. Baina gauez iritsiko da egitarauko puntu indartsuenetako bat: Gose talde gipuzkoarrak kontzertua eskainiko du Sarasate plazan gauerditik aurrera.

Bestalde, atzo, etxetik urrun dauden eta herriko jaietan izan ezin direnei brindis bat eskaini nahi izan zien Herrira elkarteak. Aurtengoan AVT elkarteak salaketa jarri zuen, ekitaldia eragotzi nahian. Halere, brindisa inongo arazorik gabe burutu zuten olatzagutiarrek, hurrengo urtean tragoa orain espetxean eta erbestean direnekin ospatu ahal izango duten esperantzan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo