Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finala
Iruñea hiriburuak luzatu du nafarren nagusitasuna
Nafarrek hiru partidak irabazi zizkioten Oiartzuni atzo Zierbenako pilotalekuan jokatutako finalean.
Jon ORMAZABAL
2002. urtean martxan jarri zenetik, Nafarroako taldeek jokatutako hamaika Euskal Herriko Herriartekoetatik zortzi txapel zituzten irabazita. Baztan, Uharte, Lizarra, Leitza eta Doneztebek jantzia zuten txapela eta atzoz geroztik, Iruñea hiriburua ere talde horretan sartu da, atzoko finalean Oiartzuni uste baino errazago, 3-0, irabazita.
Aurrez egindako pronostikoek Oberenako pilotariak jartzen zituzten faborito bezala, eta alde horretatik ez zen inolako ezustekorik izan, baina gipuzkoarrek jubeniletako partida irabazteko aukerak izango zituztela espero zen Andoni Ugalde azkenaldian ematen ari den maila bikaina ikusita. Egia esan, horixe izan zen Oiartzungoak garaipenetik gertuen izan ziren partida, 22-18 galdu baitzuten.
Finala, ordea, kadeteen partidarekin hasi zen; eta hortxe hasi zitzaizkien Oarsoaldekoei gauzak erabat okertzen. Izan ere, sekulako astindua eman zieten Okiñena-Irurita iruindarrek Salaberria-Etxeberriari, 22-2 irabazita. Ordu erdi inguru iraun zuen partidan, urdinak lan pixka bat emateko esperantzarekin kantxaratu ziren eta lehen tantoetan lortu zuten, baina gutxi iraun zien indarrak. Kontuan izan behar da oraindik infantila den atzelari batekin aritu zirela oiartzuarrak eta adin horietan urte batek sekulako aldeak egin ditzakeela. Pilota moteltxeagoarekin defendatu zen gipuzkoarra, baina nafarrek biziago bat kantxaratu zutenean ezinean aritu zen.
Bikote sendoagoa
Jubeniletan, Jamar eta Andueza iruindarrek oso argi zeukaten euren garaipenerako aukerak Ugalde gainetik pasatu eta Arzallusi lana eginarazi eta pilota paretara baztertzean zeudela. Ugalde saiatu zen jokoan sartu eta partida nahasten eta gauzak horrela, oso lehia orekatua suertatu zen, markagailuan berdinketa ugarirekin. Hala ere, askotxo arriskatuta, urdinek gehiegitxo galdu zuten eta hori finaletan garesti ordaintzen da.
Txapela erabakita, nagusien partidak ez zuen inolako emoziorik izan. Aurrez ere iruindarrak oso faborito ziren lehia honetan eta Iñigo Diaz eta Etxamendi hasiera-hasieratik nagusitu ziren, azkenean 22-9koarekin irabazteko.
Oiartzundik eta Iruñetik urrun xamar egonagatik, alde bateko eta besteko zale dexente gerturatu zen Zierbenara, eta giro polita izan zen pilotalekuan.