GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Doluminak

Jon GARMENDIA Idazlea

Tragedia baten aitzinean ez da erraza erreakzio egokia izatea. Ez zaigu arrotz minaren sentsazioa, denok galdu izan dugulako maite dugun norbait, eta halakoetan, atsekabea sortzen diguten sentimenduak ernatzen zaizkigu. Enpatia izango da. Samur eta sentikorrago bilakatzen gaituen enpatia. Sofritzen ari denaren oinetan jarri, eta handik bizitzari nola begiratzen dion irudikatzen dugu. Baina ez dakigu hari zer erran. Eta halakoetan, pentsatzen dut hobe dela soberan egotea faltan sumatua baino. Hobe dela gure doluminak ematea, eta bide zail horretan gure babesa jakinaraztea. Latza da Galizan gertatu dena, bizitzaren gogorra, eta bizitza galdu dutenengana baino, haiek gabe bizitzen segi behar dutenengana joaki zait pentsamendua. Ilundu zaie eguzkia. Gero, lotsagarria iduri zait Espainiako Gobernuak Rajoy presidentea buru duelarik atera duen elkartasun oharra, Gansuko lurrikaran erabili zuen bera, eta harako erreferentziak kendu gabe. Akats larri bat baino, lotsagabekeri zikin bat. Gogora ekarri dit Danielle Mitterrand hil zelarik Frantziako Eliseoak atera zuen ohar ofiziala, non hiru lerrokada laburretan 6 akats potolo zeuden. Hori ez da elkartasuna helaraztea, norbere burua erakustea baino ez da. Orain guti, Roberto Ampuero Chileko kultur ministro hautatu berriak ere ukan zuen bere loria minutua, Nelson Mandelari doluminak bidalita, eta gauza bera egin zuen Rafa Nadal tenislariak. En fin. Krokodiloaren malkoak soberan daude leku oro, babes zintzoaren hitz goxoek ekarriko dute fruitu ederrik nehoiz, eta bitartean, maitakor emaniko besarkadek berotuko dute soilik bihotzaren hotza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo