UDATE | Baionako bestak
Leon erregea esnatzeko deia euskaraz ere egin dute balkoitik
Haurren Eguna ospatu zuten atzo Baionako bestetan, eta lehen aldiz, udaletxeko balkoiaren aurrean, Leon euskaraz iratzartzeko aukera izan zuten umeek. Aurreko urteetan baino anitzez ume gehiago bildu ziren proposatuak izan ziren ekitaldietan.
Ainize BUTRON | BAIONA
Baionako ume guztiek herriko bestetan hitzordua emana zuten itxura zuen atzoko egunak. Itsasoko ura kutsatuta dagoela dioten zurrumurruek eragingo zuten egoera hori beharbada, zeren, bero jasangaitza bazen ere, familiek eguna Baionan pasatzea erabaki zuten.
Atzo, haurrei zuzendua den eguna ospatu zen Baionan, eta karrikak haurrez beterik ikusi ziren goizetik arratsa arte. Entzierro txikia izaten da umeentzat eguneko hitzordu preziatuena, eta aurtengoan 1.300 txiki bildu zituen. «Sekula ez da izan horrenbeste haurrik», azaldu zuten antolatzaileek. Kartoizko sei zezen ibiltariak murritz geratu ziren herriko karriketan zebiltzan umeen besta gosea asetzeko. Kaleetan korrika, zezenak ezin ikusiz aritu ziren, beraz, umeak.
Goizeko bederatzietako txokolate beroarekin ere ez zuten lortu ume gosetien tripa betetzea, eta arratsaldeko joko eta emanaldiak biltzen dituen Poterne parkea ere txiki geratu zen familia guztiak jasotzeko, hainbesteraino non zenbait gurasok nahiago izan zuten bazkarirako prestatuak zituzten ogitartekoak etxean jan.
Bero eramanezinarekin, tradizioan sartuak diren turutak eskuetan, Baiona txikien hiriburua bilakatu zen. Txokolate jatea, entzierro txikia, zigante eta danborradaren desfilea gozatu zituzten umeek goizean, hamabietan udaletxeko balkoiaren aurrean bildu arte.
Iratzartzea euskaraz
Ordu horretan egin zen Leon erregearen esnatzearen zeremonia, eta bertaratu ziren euskaldunek ezusteko handia ukan zuten, frantsesarekin batera, lehen aldiz udaletxeko balkoian euskara entzun zutelarik. Bezpera gaueko ate irekitze ofizialan bertsolariek botatzen duten bertsoa izaten da udaletxetik euskaraz zabaldu izan diren hitz bakarrak. Iaz, izan ere, Kontseiluak egin zuen umeei zuzendutako ekitaldi hori euskaraz egiteko eskaera, baina, arazo teknikoak argudiatuz, udaletxeko agintariek proposamena baztertu egin zuten.
Jean Grenet auzapezak azkeneko bestak ospatzea itxaron behar izan da, beraz, behingoan, euskara entzuteko.
Horiek horrela, esataria frantsesez mintzatzen zen heinean, itzultzaile bat zegoen balkoian euskaraz hitz batzuk esateko. Izan ere, Leon erregea esnatzeko deiadarra egin aurretik ezkilen taupadak zenbatu zirelarik, hamabi zenbakiak ere euskaraz eman zituzten.