UDATE
Etxebarria eta Tamames lasterka
Tentsio handirik ez Santiago eguneko asto lasterketa tradizionalean nor garaile izango: aurtengo arauak zaldizkoek bakarrik gidatzea utzi du, eta erantzunean, astoen erdiak «Lucia Etxebarria», eta beste erdiak «Tamames» bihurtu zituzten. Begirada jaietan jarrita eta bero itzelari aurre eginda, blusak eta neskak protagonista atzo, euren egunean.
Testua: Amaia GARTZIA
Argazkiak: Juanan RUIZ | Argazki Press
Bero sapa aurtengo Blusa eta Nesken Egunekoa; baliteke horregatik asto karrera 10.30ean beharrean hamarrak pasatxo zirela hasi izana. Ordu horretarako, Andre Maria Zuriaren plazan kontzentratuta zeuden txarangak, blusak eta neskak eta Gasteizko gauetik nola hala bizirik irtendako lauzpabost gaupasero. Beste behin, polemika esatea asko bada ere, iritzi kontrajarriekin etorri da urtero egun honetan jokatzen den asto lehiaketa. Lasterketaren aurka dagoen ATEArekin (Animalienganako Tratu Etikoko Elkartea) lerratu da Lucia Etxebarria idazlea, Gasteizko Udalera bidalitako gutunean ekintza honen kontra agertuz eta alkateari debekatzeko eskatuz. Beste gauzen artean, umeentzat «eredu negargarria» eskaintzen zuela adierazi zuen duela gutxi argi eta garbi irabaziko zuen diru kopuruarengatik telebistako reality programa batean parte hartzen ari den Etxebarriak.
Blusak eta neskek horren inguruan zer iritzi zuten galdetu beharrik ez zen izan: parte hartzen duten kuadrillek astoei izen berezia jarri ohi diete; aurten, ordea, parte hartzen zuten blusa denak ados jarri ziren astoen erdiei «Lucia Etxebarria» eta beste erdiari «Tamames» (Kepa Tamames, ATEAko bozeramailea) deitzeko.
Astoen karrera debekatu ez, baina aurten, zaldizkoek bakarrik gidatu ahal izan zituzten animaliak, orain arte bezala astoa bultzatzeko beste kide baten laguntza izan barik.
Ezohiko lasterketa beraz, atzokoa. Hasi eta berehala, irteeran bertan, bost asto geldirik geratu baitziren, ez aurrera ez atzera, jabeei kasurik egin gabe. Zintzarri kuadrillakoak lehen, Batasunakoak bigarren eta Belakiak hirugarren postuan izan ziren lehendabizikoa bukatzen lehenak. Bigarrengoan, ordea, Batasunako zaldizkoak aurre hartu zion Zintzarrikoari, azkenean ezuste handirik gabe irabazteko. «Lucia Etxebarriaren» bizkarrean garaile sartu zen helmugara Felipe, urtero bikingo kaskoarekin parte hartzeko ohitura duen Batasunakoa. Izen-emate orrietan bere astoa «Lucia Etxebarria» izendatuta agertzen bazen ere, «Tamames» izendapenarekin gusturago, eta «Tamames I.a» bezala aurkeztu zuen astoa.
Astoak eztabaidagai berriz
Garaipenarekin pozik izan arren, Batasuna kuadrillako asko suminduta agertu ziren arau berriak errespetatuta ere ATEAko bi kide garailearen elkarrizketa «zapuztera» azaldu zirenean, aldarrikapen afixak eskuan zituztelarik. Izan ere, askok kasurik egin ez bazieten ere, beste pare batek kartela eskuetatik kendu eta puskatzen saiatu ziren. Haserre azaldu ziren denak: «Txatxukeria bat iruditzen zait, tratu txar handiago iruditzen zaizkit zezenketak», bota zuen antolatzaile batek. Beste batzuek ez zuten hitz samurrik izan: «Ez dago inolako tratu txarrik eta urteak daramatzagu jendilaje honekin borrokatzen», esan zuten sutsuki Batasunako beste bi kidek: «Pankarta jartzearen lerdokeria hauekin azkenean jaia izorratzen da». Lasterketa amaituta, baratxuri usaina eta saltzaileen garrasiak hedatzen hasi ziren ondoko San Frantzisko aldapatik. Errepidearen bi aldeetara, eslogana ondo ikasita zekarten denek: «Aprobetxatu baratxuria!», «Nafarroako kalitatezko baratxuria!», «Zortzi euroan txirikorda, bigarrena 15 euroan!». Iaz baino «pittin bat gutxiago» saldu zuten Bilboko Txorierri dendakoek: «Egiazki, iaz baino kalitate apur bat txarragoa daukate baratxuriek aurten», aitortu zuen David Izquierdok, «euri asko egin du aurten».
Horrez gain, arabar ekoizleen azoka ere izaten da Santiago eguneko erakargarri. Aurten 55 ekoizle izan dira kalitatezko 21 produktu saltzen. Bestalde, Slow Food karpa eta Boilur elkarte gastronomikoek zizka-mizkak prestatu zituzten urtero bezala. Hurrengo urteko egutegi ofizialetik jaiegun bezala desagertzeko aukeren jakitun, gasteiztarrek ezin gogotsuago hartu zuten Santiago eguna. Izan ere, azken urteetan Eusko Jaurlaritza izan da jaiegun bezala markatu duena, baina aurten ez dute horrela egin, beraz, hurrengo urtera begira, Patxi Lopezen taldeak ezarritako urriaren 25eko jaieguna beste 25 batera lekualdatzea izango litzateke aukera, uztailera, zehazki. Bestela, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak eskualdeko bi jaiegun ezartzeko aukera baino ez dute, seguruenik, apirilak 28 eta abuztuaren 5a, San Prudentzio eta Andre Maria Zuriaren eguna, hurrenez hurren. Bestalde, ezbeharren artean, goizeko bigantxetan konortea galdu zuen 16 urteko gazte batek lurrera erorita.
Ruben Sanchez eta Oihane Perea bertsolariek eman zioten hasiera Blusa Mutil eta Nesken Elkarteak Santiago egunez preso politikoei egiten dien omenaldia. Urtero egiten duten ekitaldia «azkena izateko» itxaropenarekin ekin zioten berriz gasteiztarrek. Iazkotik, hori gertatzeko baldintzak bazeudela uste zutela adierazi zuten blusak eta neskek, bake prozesuaren egoera estatikoari erreferentzia eginez: «Haatik, momentu honetan, ez da hala nahi». Blusa eta Nesken Batzordeko Iratxe Irigoien eta Aitor San Pedrok hitza hartuta, jai giroan ere euren etxetik urruti daudenak gogoan dituztela azpimarratu zuten: «Gobernu anker baten itxitasunagatik hemen egon beharko liratekeen gasteiztarrak ez ditugu ahazten». Bukatzeko, gaixotasun larriak dituzten presoei eta ihesean daudenei aipamen berezia egiteaz gain, preso arabar guztien senideak banan-banan agurtu eta Blusa eta Nesken elkartasuna adierazten duen zapia jarri zieten aurreskua dantzatu aurretik. A.M.