GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Zure falta izan dut

Gutxien uste nuenean egin genuen berriro topo. Lehengo astean. Zazpi-zortzi urte eta gero. «Non egon zara?». Ezustekoa gainditu ezinda, eta pozak gorrituta belarri-masailak, gogotik heldu nion, berriz ihes egingo zidan beldurrez-edo. Eta utzi nion hizketan: presarik gabe esan beharrekoa esan zezan, helarazi nahi zidana helarazi ziezadan. Garai batean egiten genuen bezala.

Lehenik oharrarazi zidan «sokaren itzala» luzea dela eta antzuak suertatzen direla «arnasa egiteko saioak, oinak lurrari itsatsiak, begiak paretan iltzatuak». Segitu zuen «fumut»uta, «jostorratz buru baten irudi izoztua» irudikatuz. Gero aitortu zidan «konbikzio handirik gabe galdezka» jarraitzen duela, «oihukatzeak ala entzuteak, zerk egiten gaituen libre», eta uluka bota: «Bandera trapu bat da haizerik ez badabil». Dantzara ere atera ninduen «sortu eta hazteko», «berjabetza» xuxurlatuz belarrira zazpi aldiz. Eta galdetu zuen, beste behin, gizakia «tximino erotua, jainkoen hautetsia ala ahuntzaren gauerdiko eztula» den. Esku zuriekin gogoratu zen, jakina, akaso inoiz baino biolentoago: «Uso zuriaren hondakin urdina, ortzadarrak kolore bakarra duelakoan. Dioooooosss!!!».

Halako eztandaren ostean, emekiago helduta «La ilha das flores»era eraman ninduen. Bidaiatu genuen «sistemaren erraietaraino» ere, ikusteko «eromenaren atariko milaka argazki» eta «torturatuaren bidaia latza, latza, latza». Biok «xumeki ulertu» genuen «mundua 236 sasikume kabroien esanetara dagoela», eta musua ukatu zidan helarazteko «the big lie of love». Ustelkeriaren «korronte»tik ateratzeko gonbita ere egin zidan eta, nola ez, abiadura bizia hartu genuen «Hondarribi Hills»era garaiz iristeko (alferrik, «hilik» zen-eta).

Zinemarako bi txartel erosi zituen «zinemAgile etsiTUaren ameTXA» egi bilakatzen zen ikusteko, baina azkenean nahiago izan zuen «irribarrearen birusa askatu» eta lau haizetara, gogoz eta gogor, zabaldu: «Ni aske izatearen beldur naizen bezala, batonbat beldur da ni aske ikusteaz». Eta ez zuen jarioa eten munduak eta hark elkar ulertzeko duten ezintasun kronikoaren berri, berriz, eman gabe. «S.E.S.amo».

Zazpi-zortzi urteko hutsunearen ondoren, orain alboan edukitzeko beharra daukat. Oporretara Euskal Herritik AT noa eta nirekin eramatea erabaki DUT.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo