Koldo Larrea Itxina | Leioa
Koldarrak
Asteartean, Erromoko kiroldegiko atariaren aurrean, bertakoa zirudien agure bat diru eskean zegoen afrikar itxurako gizon bati hurbildu eta «Haberte quedado donde viniste» esan zion nire atzean. Zerbait egitea neukan -zerbait esatekotan izan nintzen-, baina ezer egin gabe jo nuen aurrera.
Erasoaren doinuak elkar ez zutela ezagutzen adierazi zidan. Agure horrek ez daki eskalea zein herritik etorri den. Ez daki zergatik etorri den. Ziurrenik, bere amorruaren benetako jomugak bereizten ere ez daki. Ala ez du jakin nahi: agian, ez du jakin nahi egunero begien bistan lapurtu egiten diguten ugazabak, bankuzaleak eta abarrak ez direla lau eskale beltz, hamaika hominido zuri baizik, eta horietako asko, RH negatibodunak gainera. Baina hori guztia onartuz gero, kale gorrian denari koldarki eraso egin ordez, agureak goi primate zuri boteretsuen aurka borrokan egin beharko luke -ala duintasunik eta adorerik gabeko doilor hutsa dela aitortu-.
Agure horrek atzerrira sosik gabe joan beharko luke, eta «puto guiri» sentiaraziko luketen bera bezalako xenofoboekin topo egin. Agure horrek Guantanamoko uniforme laranja probatu beharko luke. Agure horrek giriez paso egiten duen gehiengoaren isiltasun koldarra entzun beharko luke. Agure horrek pikutara joan beharko luke, eta leku guztietan dauden pertsona duinen elkartasuna jaso, eta orduan, agian, ahoa ireki.