Miren Harizmendi | Iruñea
Lehendakaria biktima guztien ordezkaria ote?
«Biktima guztiak» Bizkaitar Argi izendatu berri ditu Bizkaiko Aldundiak, «indarkeria erabili duten talde guztien -ETA, GAL eta Batallon Vasco Español- zein frankismoak Espainiako gerraren ondoren ezarritako errepresioaren biktimak».
Ez dut ezkutatuko hasieran sentitutako poza... lehenengo momentuan behintzat, indarkeria jasandako sentsibilitate ezberdinetako pertsona zein taldeei zuzendutako «aintzat hartze» ekitaldia baitzirudien. Agian, egon beharreko guztiak ez ziren egongo, ziurrenik, baina tira, abiapuntu gisa ekimen polita iruditu zitzaidan.
Tamalez, pozak ez zuen luze iraun. Nola da posible aitorpen-domina indarkeria ezberdinak pairatu dituzten pertsonen izenean lehendakariak jasotzea? Haiek beraiek espresuki halaxe eskatu izan balute baino ez zukeen zentzurik izango, bestela, estropezu ikaragarria iruditzen zait.
Ene ustez, indarkeria ezberdinen ondorioak maluruski zuzenean pairatu behar izan dituztenek izugarrizko ekarpenak eta maisutza eskaini diezazkigukete gizartearen osotasunari. Baina nola zabalduko dituzte, ordea, euren ekarpenak tokirik eta hitzik eskaintzen ez badiegu? Nola aitorpen ekitaldia burutu euren parte hartze aktiborik gabe? Ene aburuz, oraingoan aukera paregabea galdu dugu minaren ahotsa begirunez entzun ahal izateko; bere urradurak, bere ubelduak eta, ziurrenik, baita bere kemenak ere.
Espero dezagun aurrerantzean sentsibilitate handiagoz jokatzea halako kasuetan, denon onerako izanen delakoan bainago.